Kiñu Gaztetxearen kontrako epaiketea gainean daukagula eta, Sabadell Banketxeari aurre egiteko indarrak neurtuteko aukerak izan doguz. Herritik jaiotako proiektua da gurea, eta kalean topau dogu babesik handiena. Ehundaka lagunen alkartasuna jaso genduan zapatuan Igorretik egindako manifestazinoan. Aste bardinean barriz, ez zan Igorreko udaletxean bardina pasau.
Asanbladakideok, mozino baten bitartez, Udalaren alkartasuna eskatzera joan ginan plenora. Udalak mozinoa onartu eban, EH Bilduren aldeko sei botogaz eta EAJren bost abstenzinogaz. Bai, herritarren alkartasun eskaeraren aurrean alboz ipini dira zinegotzi jeltzaleak. Txarrena da, zergaitia galdetzerakoan, erantzun bakarra “mozinoak absteniduteko aukerea emoten dau” izatea.
Ez dogu ulertzen bost minutu arinago, urteko aurrekontuak eztabaidatzen, gazteriarentzako aurrekontu falta kritikau ostean EAJk Gaztetxearen kontra egitea. Ez dogu ulertzen Gaztelekua hutsik dagoalako kexau ostean, EAJk Kiñu be hutsik ikusi gura izatea.
Igorreko EAJk, 2017an BEGITUn, Kiñu Gaztetxeari zuzendutako gutunean esan eban: “Ez ete dogu danok defendiduten autogestinoa eta segurtasuna buztartu behar dirala?”. Oin antza, epaiketea bistan dagoenean, ez dabe ez bata ez bestea defendiduko. Ez jakie ardura Igorre autogestinorako espazio barik geratzea. Ez jakie ardurako euren alderdikeek gurera Ertzaintza bialtzea, banketxe baten izenean gu kolpatu, multatu eta atxilotzera.
Dana dala, zapatuko manifestazioan ikusi zan nortzuk dagozan Kiñu Gaztetxearen alboan. Ehundaka gara, eta bost zinegotziren abstentzinoak ez dau burruka hau apalduko. Indar gehiagogaz agertuko gara, instituzinoetatik herritarren arazoei aurre egiten ez jakien bitartean, erantzuna behetik antolatzen garenok emongo dogulako.