Begitu.eus - Nor gara?

Zer da BEGITU?

Arratia, Ubide eta Zeberioko barriak argitaratzen dituan herri aldizkaria da. 2002ko aprilean sortu zan; argitalpenaren arduraduna Zertu kultur alkartea da hasikera-hasikeratik.

Hilabetekari lez sortu zan, baina 2008tik aurrera hamabostero argitaratzen da. 2010ean itxura aldatu eban, eta gaur egun tabloide formatua dauka, 16 orrialde errotatiban inprimatuta.

Begitu doban banatzen da eskualdeko etxe guztietara. Tiradea 7.300 alekoa da.

Zer da ZERTU?

Arratian euskeraz argitaratutako aldizkari baten hutsunea igarten genduala eta, egitasmo hori zelan mamindu hausnartzen hasi zan euskalzale talde bat 2001ean. Helburu hori gauzatzeko, hainbat bide aztertu ostean, Zertu Kultur Elkartea eratu zan lehenengo, eta, gero, Begitu aldizkaria.

Jaio zanetik helburu nagusi bi euki ditu:

  • Bertako euskeran idatzitako aldizkaria argitaratu eta Arratia, Ubide eta Zeberioko etxeetara helduarazotea.
  • Gure inguruko kulturea suspertutea.

Zertu alkartea 2001ean jaio zan eta 2002tik Begitu aldizkaria argitaratzen dau.

Hasikeran Begitu hilabetekaria bazan be, 2008tik aurrera hamabostero topau geinke Arratia, Ubide eta Zeberioko etxeetan. Guztira 22 aldizkari argitaratzen dira urteko (garagarrilean eta abuztuan aldizkari bakarra ateraten dogu). Aitatu behar da, era berean, 2009ko udatik aldizkariaren webgunea be martxan dagoala: www.begitu.eus.

Aldizkariaz gainera, Begituk gehigarri bereziak be atera ditu lantzean behin: udan jaien barri emoten dabenak, herrietako feria egunetan (San Isidroetan Zeanurin, Merkartea egunean...), Euskerearen Nazinoarteko Egunean, Korrikan...

Gure inguruko kulturea bultzatzeko ardurea be badauka Zertuk. Horregaitik, Begitu aldizkaria argitaratzeaz gainera, beste ekintza batzuk be egin izan ditu urte honeetan: bertako idazleen liburuak argitaratzea (Gaizka Amondarainen Ortozik edota Iker Yurrebasoren Ametz eta Haizea aurpegian), Arratiako idazleen antologiak argitaratzea, Peru Tximaluze alemaniar jatorriko liburuaren euskerazko bersinoa argitaratzea, Luis Iruarrizaga abesbatzaren 25. urtemugako CDan laguntzaile izatea, Arratiako postalen bilduma ateratea, Arratiako Mankomunidadearen 25. urtemugako gehigarri berezia ateratea, Arratiako Musika Eskolagaz alkarlanean, Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak Musika Eskolaren Historia liburua argitaratzea edo Mauriziaren gainean be gehigarri berezia ateratea edo beste alkarte batzukaz alkarlana bultzatzea... 2013. urtean Arratiera eskuko hiztegia eta Kontaidazu! Kantaidazu! ipuin eta kantu bildumea banandu eban alkarteak Begitu-lagunen artean. 2014ean ostera Arratiera eskuko hiztegiaren 2. edizinoa eta Alvaro Rabellik idatzitako Saguzarren Profhezia ipuina argitaratu genduzan. 2015ean telazko boltsa bat eta Begituren kamisetak atera genduzan. Korrika dala-eta, eta gauez pasatzen zanez besoko fosforitoa egin genduan 2017an, “Begitu be” leloagaz. 2018ko abenduan Alvaro Rabelliren Ustezko fikzioak liburua aurkeztu genduan Zeanuriko Kultur Etxean, Gabonetako Kultur Astearen barruko ekintzetan. 2019an Arratiako Kalenturak Ipuin Erotiko Lehiaketearen ardurea hartu eban eta edizino bi antolatu ditu daborduko, Igorre eta Lemoan.