SARETZEN: Kulturea

Igorre eta Lemoak pilatuten dabez eskualdeko kultur ekitaldien %75tik gora

Asier Abrisketa 2025ko uzt. 1a, 10:26

EITB eta Tokikom-ek alkarlanean garatutako Saretzen proiektuari esker Kulturklik.eus-en jasotako kultur ekitaldien datuak ikusi eta Arratia, Zeberio eta Ubideko kultur sarea aztertu dogu Begitun.

Kulturklik.eus-eko datuak ikusita, 2024an 144 kultur ekitaldi dagoz jasota Arratia, Zeberio eta Ubiden. Ez da eskaintzearen argazki oso bat, ekintza ugari ez diralako Kulturklik-en erregistrau, baina herriz herriko konparaketea egiteko aukerea emoten dabe datuok. Argi eta garbi, gurean programetan diran jarduera kulturalen gehiengoa antzerkiek hartzean dabe; 54 egin ziran guztira eta horrek eskaintzearen %37,5a suposatuten dau. Bigarren postuan, musikeak be garrantzia handia dauka berton, 29 ekitaldi musikal egin ziran. Proiekzino audiobisual ugari be egon ziran, 21 dagoz jasota, eta erakusketak barriz, 11. Gainontzekoak azokak, jantzaldiak, jaietako egitarauek eta bestelakoak dira.

Kontzertu, antzerki, jaialdi, erakusketa, ipuin kontalari eta bestelako ikuskizunen eskaintzea zabala da baina EAE mailan gertatuten dan moduan, herrigune handienetan pilatuten da eskaintza gehiena. Holan, Igorre (%47.2) eta Lemoa (%29,2) artean egin ziran eskualdeko ekintza guztien %76,4a. Gainontzeko herriak, danak batera, ez dira laurden batera heltzean eta Ubiden ez zan inolako ekintzarik erregistrau, egin badira be.

Herri arteko desbardintasuna sano handia da eta batez be, herritar kopuruaren eta herriko instalazinoen araberakoak dira programau diran jarduera kulturalak. Igorrek berbarako, Arratia, Ubide eta Zeberioko kultur programazinoaren ia erdia hartzean dau, Kulturklik-en jasotako 68 jardueragaz. Erregistrautako jarduera gehienak Udalak antolatutakoak dira, %63,2a Igorreko Kultur Etxean egin ziran eta %5,9 jaietako programazinoaren parte izan ziran. Holan, azpimarratutekoa da Kiñu Gaztetxeak eskainitako kontzertu eta jaialdiak, zortzi jarduera dagoz jasota eta honek, Igorreko kultur eskaintzearen %11,7a suposatu eban pasau dan urtean. Bigarren postuan, eskualdeko bigarren herririk jentetsuena dago, Lemoa 42 jardueragaz. Gehienak, %78,5a Kotxepin Kultur Etxean egin ziran eta Lemoako kasuan, azpimarratutekoa da umeentzako jarduera kulturalek izan eben pisua. Beren beregi umeentzako programautako ipuin kontaketa eta antzerkiak, 10 guztira, eskaintza osoaren %43a izan ziran.

Gainontzeko herrietan, kultur programazinoa bareagoa izan zan pasau zan urtean. Igorre eta Lemoaren ostean, Diman dagoz jasota ekintza gehien, 10 guztira. Zeanuri eta Areatzan barriz, 6 jarduera dagoz jasota bakotxean. Zeberion 5, Artean 4, Arantzazun 2, Bedian 1 eta Ubiden 0 jarduera jaso ziran ostera; honeek, jardueren %24,6a bakarrik suposatu eben.

Halanda be, datuak ikusita, argi geratuten da biztanle kopurua eta jarduera kulturalen kopurua ez doazela guztiz eskutik hartuta. Egin ziran jardueren bataz bestekoa, 1.000 biztanleko 5,88koa izan zan Arratia, Zeberio eta Ubiden. Eskaintza kultural txikia da hori, kontuan hartuta EAEko bataz bestekoa 1.000 biztanleko 9,43 jarduera egin zirala kontuan hartuta. Baina hemen be, desbardintasun handiak agiri ziran herriz herri. Igorren berbarako, 1.000 biztanleko 15,8 jarduera egin ziran eta Lemoan, 11,3. EAEko datuak gaindituten dabezan herri bakarrak izan ziran Igorre eta Lemoa baina gainontzeko herrietan, eskaintza apalagoa izan zan: Diman 1.000 biztanleko 6,6 jarduera, Artean 5,3, Zeanuri eta Arantzazun 4,8, Areatzan 4,7, Zeberion 4,6, Bedian 9,9 eta Ubiden 0 dira erregistrautako jarduerak. Beti hartu behar da kontuan udal bakotxaren aurrekontua baina datu honeek erakusten dabe, non egin dan herritarrentzako kultur eskaintza zabal bat eskaintzeko ahalegina.

Euskerazko eskaintzea erdizka

Erabilereak behera egin dauan arren, Arratia, Ubide eta Zeberio euskerearen arnasgune dira baina hori, ez da guztiz maminduten bertoko eskaintza kulturalean. Izan be, Kulturklik-en jasotako jarduera kulturalen erdia (%51,34) baino ez zan euskeraz egin pasau dan urtean. Halanda be, kontuan hartu behar da jarduera guztietan ez dagoala hizkuntzea erregistrauta batetik, eta Ubiden jarduerarik jasota ez egoteak eta Bedian erregistrauta dan jarduera bakarra, azoka bat, gazteleraz egin zala jasoteak bestetik, ehunekoa asko bajatuten dabela. Edozelan be, desbardintasun handiak dagoz euskal kulturea zabalduteko egindako ahaleginean. 

Holan, euskeraz egindako jardueren %75eko langea gainditu eben herri bakarrak Artea (%100), Areatza (%83,33) eta Lemoa (%79,49) izan ziran, hurrengoz hurrengo. Honeen atzetik baina %50a gaindituta dagoz Zeanuri (%60), Igorre (%56,14) eta Arantzazu (%50). Euskerazko jarduerak programautakoaren osoaren erdira heltzean ez diranak barriz, Bedia (%44,44) eta Zeberio (%40) bakarrik dira. Ubiden ostera, ez dago erregistrautako jarduerarik beraz, ez dago daturik.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!