Demografiaren bilakaera

Saretzen proiektua ipini dabe abian EITBk eta TOKIKOMek

Asier Abrisketa 2022ko aza. 28a, 12:00

Alaitz Artolazabal (TOKIKOMeko zuzendari nagusia), Iban Arantzabal (TOKIKOMeko presidentea), Isabel Octavio (EiTBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria) eta Arantza Ruiz (EiTBko albistegietako burua)

Bihar kaleratuko da alkarlan honen lehen emoitzea EITBren eta TOKIKOMen medioetan. Hego Euskal Herriko demografia jorratuko da, eta gai zehatz hori nork bere ezaugarriei eta esparruari egokituta landuko da.

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak Saretzen proiektua jarri dabe abian, alkarregaz datu kazetaritzea jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritzea alkarregaz eta alkarlanean landutea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz. 

Zemendiaren 29an, asteartean, kaleratuko da alkarlan honen lehen emaitzea EITBren eta TOKIKOMen medioetan, BEGITU tartean. Hego Euskal Herriko demografia aztertuko dabe, eta gai zehatz hori landuko dabe bai EITBko eta bai TOKIKOMeko medioek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta.

Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landuko ditue, Eustat eta Nastat iturri hartuta. Azken 20 urteotako populazinoaren bilakaerea aztertuteaz gain, gizartearen erradiografia egingo dabe, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotze taseari erreparauta. Eskualdez eskualde emondako fenomenoetan jarriko dabe arretea, eta udalerriak be aztergai izango ditue, datuak eskualde, uri zein herrietako errealidadeetatik aztertuta. Hain juxtu be, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ostean, horreen lanketa zehatza hedabide bakotxaren esparrura egokituko da.

Lankidetza-hitzarmena, alkarlan eredua lantzeako

EITBk eta TOKIKOMek sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen, eta aliantza horreri jarraituta, asmoa da aurrerantzean beste hainbat tematika be alkarlanean lantzea.

Hain zuzen be, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da sinatutako  hitzarmenaren xedea, biztanlegoaren informazino beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazino esparruko komunikabideen arteko alkarlan eredu bat lantzeako.

Euskeraz sortutako kalidadezko eduki lehiakorrakaz Euskal Herriko agendan eragitea be helburutzat jo dau akordioak eta, horreri lotuta, eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dauzan aukerak aztertzea eta baliatzea, besteak beste, honako alorretan: formazinoa, Internet bidezko telebista, datu kazetaritzearen lanketea eta dataren ustiapen egokia eta bateratua… 

Etorkizuneko ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketaren erronkea be jasoten dau EITBren eta TOKIKOM sarearen arteko hitzarmen barriak.

TOKIKOM euskarazko 76 toki komunikabidek osotutako sarea da. 2012an sortu zan eta ondoko zeregin honek ditu: toki komunikabideen solaskidetza bateratua beste eragile publiko zein pribaduen aurrean; jarduera esparru komunen kudeaketea: publizidadea, presentzia digitala, kudeaketa, erosketak...; eta sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzea. Gaur egun, 28 bazkide ditu, orotara 76 komunikabide kudeatzen dabezanak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala.

EITB barriz, hedabideak dituan ikus-entzunezko talde publikoa da Euskadin. Zerbitzu publiko honen helburua da euskal gizartearen eskaerei erantzutea, informazino, dibulgazino eta entretenimentuko ikus-entzunezko eskaintza anitz, erakargarri eta kalidadezkoakaz, euskal kultura eta hizkuntza sustatuz eta egungo ikus-entzunezko ekosisteman euskera normalizetan, erabilten eta hedatuten lagunduz.

Local News Partnership egitasmoa

2021eko zemendian Komunitatea Josten jardunaldiak antolatu ebazan TOKIKOMek, TOKIKOM sari banaketeari lotuta, eta hainbat kasu praktiko aurkeztu ebezan bertan, tartean oin oinarri modura hartutako Local News Partnership proiektua. BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren artean osatutako proiektua da Local News Partnership, Matthew Barraclough egitasmoaren zuzendariak jardunaldiotan azaldu ebanez.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!