Eskuragarri dagozan datuek programazino bizia islatzen dabe. Kontzertu, antzezlan, jaialdi, erakusketa, berbaldi eta bestelakoen artean, EAEk kultur jarduera etenbakoa dauka urtean zehar. Musikea da nagusi: kontzertuek programazino osoaren % 31,8 hartu eben 2024an (6.342 ekitaldi); ondoren datoz antzerkia (% 21,3) eta ikus-entzunezko proiekzinoak (% 11,8). Gainontzekoa beste diziplina batzuek osotuten dabe; jantza ikuskizunek eta erakusketek, berbarako.
Ekitaldi gehienak udalerri gitxi batzuetan pilatzen dira, jentetsuenetan pilatu be: hiru hiriburuek; Bilbok, Donostiak eta Gasteizek– ekitaldi guztien % 48 hartu eben, eta urtean 3.000tik gora antolatu ebezan, batez beste. Uriburuak kenduta, 36 udalerrik bakarrik gainditu ebezan 100 ekitaldi-urteko langa, eta horreen artean nabarmentzekoak dira Getxo (557), Tolosa (338), Barakaldo (335), Durango (334) eta Zarautz (277). Gainerako programazinoa 190 udalerritan banandu zan: 3.727 ekitaldi guztira, herri bakotxeko 19, batez beste. Arrakala horrek ez deutso populazinoari edo eskura dagoan azpiegitureari bakarrik erantzuten; instituzionek programetako, baliabideak erakarteko eta kultur agenda egonkor bateri eusteko daukien gaitasunak be badauka eragina.
Gipuzkoa da densidade kultural handiena izan dauan lurraldea: mila biztanleko 11,1 ekitaldi. Atzetik datoz Araba (9,7) eta Bizkaia (7,5); Bizkaiak izan arren ekitaldi bolumen handiena (8.662). Aldea, beraz, ez dago kantidadeari lotuta bakarrik, biztanle kopurua be kontuan hartu behar da. Gipuzkoako zenbait eskualdetan, esterako Tolosaldean, Urola Kostan, Debagoienan edo Donostialdean, mila biztanleko 10 ekitaldi baino gehiago egin ziran 2024an. Bizkaiko Arratia-Nerbioi eta Enkarterrin, aldiz, ez ziran 7ra heldu. Lurralde beraren barruan be, desbardintasunak nabarmenak izan dira.
Ekitaldi motari jagokonean, aurretik esandako moduan, musikea izan da nagusi,: 6.342 kontzertu (% 31,8). 4.239 antzerki emonaldi egin ziran (% 21,3); ikus-entzunezko proiekzinoek guztizkoaren % 11,8 hartu eben; berbaldiek eta jardunaldiek, % 11,5; erakusketek, % 6,9; eta jantza emonaldiek, % 4,3. Gainerako jarduerek –azokak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak...– agendaren % 12,5 hartu eben.
Lau ekitalditik hiru eremu zarratuetan egin ziran, batez be Donostialdean, Arabako Lautadan eta Bilbo Handian; bertan, formatua % 76tik gorakoa izan da. Gainera, hamar ekitalditik zortzi egun bakarrekoak izan ziran.
Euskerea gehiago hauspotu beharra?
Euskal kulturearen panoraman, euskerearen erabilerea funtsezko elementua da. 2024an, ekitaldien erdiak inguru euskeraz edo ele bietan egin ziran. Batez besteko hori, ordea, aldatu egiten da lurraldetik lurraldera eta eskualdetik eskualdera. Gipuzkoan, zazpi eskualdeetatik seik gainditu eben % 50eko langa, eta Debagoienan eta Urola Kostan programazinoaren erdia baino gehiago euskara hutsean izan zan. Bizkaian, aldiz, zazpitik bostek gainditu eben muga hori, eta Durangaldea eta Markina-Ondarroa izan dira euskeraz gehien programau ebenak (% 58,4 eta % 61,5, hurrengoz hurrengo).
Araban, berriz, eskualde bakar bat be ez da proporzino horreetara heldu; Aiaraldea hurreratu zan gehien (% 38,3 euskeraz, eta % 11,6 ele bietan). Alde horrek agirian ixten dau euskereak aurrera egin dauala kultur arloan, baina lurraldearen hegoalde-mendebaldeko zenbait eremutan oindino be gabeziak dagozala. Kulturea, zalantza barik, hizkuntza normalizazinorako bide bat da, baina euskereak oindino be bidea urratu beharra dauka kultur sare osoan guztizko presentzia izateko.
Urteroko jaialdiak, musikalak gehienak
Aparteko kapitulu bat merezi dabe urtero-urtero egin ohi diran jaialdiek. 2024an 677 jaialdi egin ziran EAEn, eta horreetatik erdiak musikalak izan ziran. Ondoren datoz zinema eta ikus-entzunezko jaialdiak (88), antzerkia (70) eta jantza (49). Gainera, ia ehun jaialdi misto antolatu ziran –musika eta jantza alkartuta, esaterako–, eta 64 hainbat diziplinatara bideratuak, literatura, poesia, argazkilaritza, bideo-jokoak eta modari begirakoak, esaterako.
Eskaintza askotarikoa bada be, kontzentrazino geografikoa ekitaldi guztiakaz dagoan joerea errepetidu egiten da: 21 udalerrik hartu eben jaialdien % 70. Uriburuak dira barriz buru: Bilbok 134 jaialdi antolatu ebazan; Gasteizek, 86; eta Donostiak, 71. Parte-hartzaileen kopuruari jagokonez, aitagarrienak dira Zinemaldia, Jazzaldia eta BBK Live, 100.000 lagunetik gora izan ebezan, nahiz eta ez dan neurtzeko sistema ofizial bateraturik existiduten.
Jaialdien formatuari dagokionez, % 25 aire zabalean egin ziran (ekitaldi guztien % 16,5 bakarrlik izaten da aire zabalean). Jantza (% 48,5) eta musika (% 30,1) dira kanpoko espazioetan nagusi. Gainera, jaialdien % 68k egun bat baino gehiago irauten eben.
Antzinatasunari jagokonez, jantza jaialdien erdiek 25 edizino baino gehiago ditue. Musika jaialdiak, barriz, gazteagoak dira: % 18,4k baino ez ditue 25 urte baino gehiago. Danen artean, Donostiako Musika Hamabostaldia da beteranoena, 85 edizino bete ebazan-ta igaz, Zinemaldiaren aurretik (72 edizino).
Ekipamentuen banaketea: gorabeheratsua
Kultur ekitaldi horreek guztiek azpiegitura fisiko bat behar dabe. EAEko udalerriek 3.757 kultur ekipamentu ditue: 1.189 publikoak dira (liburutegiak, kultur etxeak, museoak, aretoak...) eta 2.568 kultur industriari lotutakoak (produkzino-etxeak, argitaletxeak, konpainiak, dendak, akademiak...).
Banaketea asimetrikoa da: Bizkaiak ekipamentu horreen guztien % 49,1 dauka; Gipuzkoak, % 36,2; eta Arabak, % 14,7. Ez da kasualidadea, azpiegitura gehien dituen eremuak be programazino handiena daukienak izatea.
Eremu batzuentzako gatx samarra izaten da kulturarako sarbidea bermatzea: urtean 10 ekitaldi baino gitxiago dituen udalerriak, euskerazko programazinorik ia ez daukien eskualdeak, edo, besteak beste, zinema eta horren moduko jarduerarik eskaintzen ez daben txokoak. Kultur arrakala ez da beti agirikoa, baina existidu egiten da. Kulturklik erabilgarria da argazki orokorra egiteko, baina muga bat dauka, borondatezkoa da eta ez ditu ekitaldi guzti-guztiak jasoten. Batez be, zirkuitu alternatiboek eta tokiko eragileek antolatutako jarduerak kanpoan gelditzen dira. Horrek iradokitzen dau errealidadea datuek erakusten dabena baino desorekatuagoa izan daitekela.
Beraz, EAEko kultura sarea bizia, finkatua eta askotarikoa bada be, baditu argi-itzalak. Oinarri sendoa dago: ekitaldi andana, jaialdi sare zabala, azpiegitura sendoa eta euskerearen aldeko apustu gero eta handiagoa. Baina badira preminazko erronkak be: eskaintza lurraldez lurralde orekatzea, herri txikiei ikusgarritasuna emotea, jaialdien iraunkortasuna bermatzea eta eskualde guztietan euskerearen presentzia indartzea.
Aurreko lerroetan aitatutako datuak batuta, galdera argia da: Zer egin daiteke kultura persona guztiengana helduteko, baldintza bardinetan? Baliabideen zentralizazinoa indartu ala udalerri txikien protagonismoa bultzatzen dauan deszentralizazinoa lehenetsi? Eredua edozein dala be, funtsezkoa da kultura eskubide bat dala ez ahaztutea, eta, beraz, herritar guztientzat bermatuta egon behar dau, non bizi diran kontuan hartu barik.