Gaur egun, Euskal Herriko erronka nagusietako bat da dispersino geografikoa, zaharkitutako ohiturak eta eredu jasangarriaren premina eta eguneroko joan-etorriak buztartzeko modua topetea. Zentralizautako uri handiak zein bizigune sakabanatuetako bailarak, tokian tokiko errealidadeen artean alde handiak dagoz. Eta horren aurrean, galdera bat gailentzen da: zelan egin bateragarri mobikortasuna, danon beharrak asetzea, eta, aldi berean, lurralde jasangarriago baten bidea zabaldutea?
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan egunero milioika joan-etorri egiten dira, eta gure mobikortasun ohiturak hainbat faktorek baldintzatzen ditue, esate bagterako uri antolaketea, garraio publikoaren erabilgarritasuna eta ibilgailu pribaduen nagusitasuna.
Gero eta gehiago mobiduten gara; Eusko Jaurlaritzaren azken Mugikortasun Inkestaren datuen arabera (2021), 6,5 milioi desplazamentu gertatzen dira astegun buruzurietan egunero-egunero EAEn; horreetatik % 45 oinez, % 33, autoz eta % 15, garraio publikoan. Garraiorako aukerak uri diseinuaren araberakoak dira, eta horrek nabarmen baldintzatzen dau norantza goazen gure eguneroko joan-etorrietan.
Ikusi bezala, desplazamenturik ohikoena oinez egiten da, norberaren udalerriaren barruan; oro har, eguneroko joan-etorrien % 45 oinez egiten dira, eta zenbateko hori oindino handiagoa da andren (% 51) eta 65 urtetik gorakoen artean (% 72). Bestalde, auto pribadua da nagusi lan egiteko adinean dagozanen artean: 20 eta 64 urte bitartekoen ia erdiek aukeratzen dabe euren ibilgailua aukera nagusi lez eguneroko joan-etorriak egiteko.
Garraio publikoa, ostera, batez be (% 23) gazte-gazteek erabilten dabe —7 eta 19 urte bitartekoek— , baina alde handiak dagoz lurraldetik lurraldera: Bizkaian egiten dira mota horretako bidaia gehien, 1.000 biztanleko eguneko 415 joan-etorrigaz; ondoren, Gipuzkoa (312), Araba (216) eta Nafarroa (172).
Baina, zertarako mobiduten gara? Bidaien % 29,9 lanera joateko dira, eta ikasketengaitiko bidaiak batu ezkero (% 12), joan-etorrien ia erdiak betebehar profesionalei edo prestakuntza-betebeharrei lotuta dagoz. Gainerakoa erosketen eta gestinoen (% 28,8) eta aisialdiko jardueren (% 22) artean dago bananduta. Arlo horretan be eragina dauka generoak: gizonak gehiago desplazetan dira lanagaitik (% 32), eta andrak, barriz, batez be kudeaketak egiteko (% 32,3). Eta, espero bezala, 7 eta 19 urte bitarteko gazteak batez be ikasketengaitik mobiduten dira.
Eta, nora? Eusko Jaurlaritzaren atzen azterlan horren arabera, Bizkaian biltzean dira EAEko eguneroko joan-etorrien erdiak. Bilbo Handiak bakarrik 2,9 milioi desplazamentu inguru hartzean ditu astegun buruzurietan —hau da, lurralde horretako mobikortasunaren % 80— eta metropoli horretako joan-etorrien % 42ren epizentroa Bilbo da.
Uri-densidadea, biztanleriaren banaketea eta ekoizpen eta zerbitzu jardueren konzentrazinoa funtsezko faktoreak dira bizilagunen mobimentuetan. Gipuzkoan, Donostialdeak (Donostia buru dala) lurralde mobikortasunaren % 53 biltzean dau, eta Araban, Gasteizen bakarrik egiten dira eskualdeko joan-etorrien % 96 eta Araba osokoen % 82.
Azpimarratu beharra dago datuok 2021ekoak dirala, pandemia betean, eta horreek, orokorrean, 2016ko Mugikortasun Inkestak jasotakoak baino bajuagoak dirala (6,7 milioi desplazamentu egunean), mobikortasun mugatua zala-ta. Ha-ta guzti be, joan-etorrien kopurua handituz doa urtez urte.</p>.
Araba
Eguneroko mobikortasunean, Gasteizek hartzean dau Araba osoko joan-etorrien zenbatekorik handiena, baita desplazetako modu jasangarriena be. Ohiko lanegun batean, lurraldeak milioi bat joan-etorri inguru erregistretan ditu egunero, hau da, EAEko desplazamentu guztien % 15.
Horreetatik guztietatik, % 85 Arabako Lautadan egiten dira, eta, horren barruan, % 96 Gasteizen. Norbera bizi dan udalerriaren barruko mugikortasuna % 84koa da —Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean handiena—, eta horrek hiri "autosufizientearen" idea indartzen dau zerbitzuei, enpleguari eta jarduerei jagokienez.
Garraio publikoaren erabilereari jagokionez, Araban egunero 216 bidaia egiten dira 1.000 biztanleko, eta desplazamentu horreen % 97 uriburuan kontzentrauta dagoz. Joan-etorrien ia erdiak (% 47) oinez egiten ditue arabarrek, baina ibilgailu pribadua gogotik erabilten da oindino be (% 43); garraio publikoak pisu txikia dauka (% 9).
Gasteiztik kanpo, egoera bestelakoa da: lurraldeko desplazamentuen % 15 baino ez dira, eta horreetatik % 3 baino ez dira garraio publikoan egiten.
Bizkaia
Bizkaia da mobikortasuna handien daukan lurraldea, batez be metropoliaren inguruan; izan be, EAEko desplazamentu guztien erdiak han egiten dira: lanegun bakar baten, 3,2 milioi joan-etorri zenbatuten dira, Bilbo Handiko metropoli eremuan pilatzen da horreen % 80, eta Bilbok bakarrik hartzean dau lurralde osoko mugikortasunaren % 33.
Bilboko metroak eta autobus sare zabalak Bizkaia garraio publikoaren erabilerearen buru izatea eragiten dabe: 415 bidaia 1.000 biztanleko, egunean. Ha-ta guzti be, oinez ibiltea da aukerarik ohikoena (% 50), eta ibilgailu pribaduak be pisu handia dauka (% 33); holan, garraio publikoa joan-etorrien % 15 da.
Bilbo Handiak lotura onak ditu uriaren barruan eta kanpoan, eta handik abiatzen dira joan-etorri gehienak. Aldiz, eskualde periferikoenetan, mobikortasuna txikiagoa da, baina uriburuagaz etenbako hartu-emona daukie, eta horrek presinoa eragiten dau Bilboko azpiegituretan puntako orduetan.
Lurraldeen arteko loturak be biziak dira. uriburuen arteko ibilbide erabiliena Bilbo-Donostia da, egunero 21.000 bidaia baino gehiago egiten dira-ta, eta ondoren Bilbo-Gasteiz, 15.600 bidaiagaz.
Gipuzkoa
Gipuzkoak eredu bananduagoa dauka. Donostiak mobikortasunaren zati handi bat hartzean dauan arren, ez da jaun eta jaube: beste eskualde batzuek be —Bidasoak edo Debagoienak, kasu— desplazamentu kopuru handia daukie-ta.
Lanegun bakotxean, Gipuzkoak biltzean ditu EAEko mobimentuen % 30. Donostiak horren % 33 hartzean dau, eta bere eskualdeak, Donostialdeak, % 53.
Lurralde horretan, joan-etorrien % 42 oinez edo bizikletaz egiten dira, autoan, % 44, eta garraio publikoan, % 13. Garraio publikoa batez be eraginkorra da Donostian, Dbus zerbitzuari esker, baina garraio kolektiboko bidaien % 64 udalerrien artean egiten dira, uriburua joan edo uriburutik abiatu diranak barne.
Autobusean egindako bidaien artean, Donostia-Bilbo loturea da nagusi, ibilbide horretako 21.000 joan-etorri egiten dira-ta egunero; Donostia-Gasteiz lotureak, barriz, askoz datu apalagoak ditu (5.200).
Nafarroa
Nafarroan, 172 bidaia egiten dira egunero garraio publikoan 1.000 biztanleko, eta aztergai izan diran lurraldeen artean kopuru txikiena dauka. Joan-etorri gehienak Iruñerrian egiten dira, bertan bizi diralako Nafarroako bizilagun gehienak (% 31).
Datu zehatzik ez badago be (oinez, autoz, garraio publikoz), EAEn legez, adierazleek agirian ixten dabe autoa modu intensiboan erabilten dala lurraldeko gainontzeko eskualdeetan; Iruñerriko udalerrietan, barriz, oreka handiagoa ikusten da, uri garraioko sistema eta uriaren egiturea trinkoa diralako.
Iruñerritik kanpo, bere kokapen estrategikoari esker, Sakanak komunikazino azpiegitura nabarmenak ditu: hiru autobia, bigarren mailako errepideak eta trenbideak zeharkatzen dabe ibarra. Ha-ta guzti be, mugikortasunaren ardatz nagusia ibilgailu pribadua da; aldi berean, autobideek bestelako ondorio bat be izan dabe inguruan: txirrindularientzat “paradisu” bihurtu dira bigarren mailako errepideak. Garraio publikoari jagokonez, autobus zerbitzua da nagusi, baina 2023ko maiatzean Nafarroako Gobernuak egindako berrantolaketak gabeziak itxi ditu agirian: ordutegi bakotxean autobus bakarra igarotzen da eta askotan beteta doa, jentea geralekuan itxita. Trenaren erabilerea be oso mugatua da gaur egun, nahiz eta udabarrirako Altsasu eta Miranda Ebro arteko zerbitzua hobetuok ei dan.
Autoa, jaun eta jabe
Erakundeek mobikortasun iraunkorragoa sustatzeko ahaleginak egin arren, auto pribadua da protagonistea Hego Euskal Herriko eguneroko joan-etorrietan. Garraiobide hori erabilten da gehien hainbat lurralde eta biztanleria segmentutan, eta 2007tik autoen salmenta kopuruetan gorabeherak egon diran arren, 2023tik hona matrikulazinoek etenbarik egin dabe gora, bai EAEn (+ % 5,6), bai Nafarroan (+ % 2,1) azken urtean.
EAEko eguneroko joan-etorrien % 33-44 ibilgailu pribaduan egiten dira. Gipuzkoa da liderra (% 44), eta Araba (% 43) eta Bizkaia (% 33) ditu atzetik. Nafarroan be, eskala berean banandutako daturik izan ez arren, autoa da garraiobiderik erabiliena.
Gure errepideetako ibilgailu parkeari jagokonez, zaharra eta elektrifikazino maila bajukoa da. Guztira, 1,9 milioi ibilgailu inguru dira; gehienak, turismoak: parkearen % 74,1 Bizkaian, % 73,1 Araban, % 70,1 Nafarroan eta % 68,3 Gipuzkoan. Atzen horretan, motozikleta kopuru handiagoa nabarmentzen da (% 14,3).
Autoen adinari jagokonez, EAEko batazbestekoa 14,5 urtekoa da; eta Nafarroakoa, 15,2 urtekoa. Bbalio biak Espainiako Estaduko batazbestekoaren inguruan edo gainetik dagoz. Zahartze hori funtsezko oztopoa da deskarbonizazino helburuak lortzeako, parkea eredu iraunkorragoetara egokitzea eta barritzea zailtzen ditu-eta.
Ingurumen etiketei jagokienez, 0 etiketa (zero isuri) daukien ibilgailuek hondar-presentzia izaten jarraitzen dabe lau lurraldeetan. C etiketa (atzen EURO arauak beteten dituen barne-errekuntzako ibilgailuak) eta B etiketa (aurreko araudiak) dituen modeloak dira nagusi, eta alde txikia dago lurraldeen artean. Ha-ta guzti be, ingurumen bereizgarririk bako ibilgailu kopuru handi batek presentzia nabarmena dauka gure inguruan, parke zaharkituaren ondorioz, batez be.
Parkea zahartu dan arren, matrikulazino barriek modu iraunkorrago bateranzko bidea erakusten dabe. Izan be, 2024an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auto barrien % 62 eta Nafarroako % 59 "alternatiboak" dira, hau da, elektrikoak, hibridoak edo gasezkoak. Holan, EAE liderra da hibrido ez-entxufagarri barrietan (% 44,5) eta Nafarroa, elektriko hutsetan (% 13,7), Estaduko batezbestekoaren bikotxa baino gehiago (% 5,6).
Car-sharinga edo autoak partekatzea
Halanda be, mobikortasun jasangarriago baten bila gagoz, garraio publikoa hauspotzeaz gainera, Ander Gortazar adituak bestelako eredu bat ipini dau mahai-gainean: car-sharinga, hau da, autoak partekatzea.
Dinoanez, kotxeak ez dira makina batere eraginkorrak, kotxe batek bere denporearen % 95 aparkauta pasetan daualako, “eta efizientzia energetikoaren aldetik be, ez da oso jasangarria”. Ha-ta guzti be, aitortzen dau autoak mobikortasuna asko erraztu daikela eta, ildo horretan, jaubetzan dogun objektu bat izatetik erabilten dogun objektu bat izateko idea egin dau: “Hau da, nik ez daukat kotxerik, baina kotxe bat erabili ahal dot behar dodanean, izan sare publikokoa edo pribadukoa”. Holan, bere ustez, autoak partekatuta, ibilgailuen kopurua % 70 murriztu leiteke.
Kotxeak partekatzeko askotariko proiektuak ipini ditue martxan gure inguruan, esate baterako Uribe Kostan, tokiko mankomunidadeak sustatutako Ukanauto zerbitzuaren bitartez. Kasu horretan, urtean 30 euroko kuota ordainduta, alokairuzko kotxe bat erreserbau daikie erabiltzaileek, behar dabenean erabili dagien.