lana

Ilunion ikuztegiko langileek eta kale garbitzaileek hitzarmena sinatu dabe Lemoan

Asier Abrisketa 2025ko urt. 17a, 10:39

Burruka sindikalen ostean, Lemoako garbiketa gremioak lan-baldintzak hobetu ditu eta martxan dagoz lorazainen eta udal lokalen garbitzaileen negoziazinoak.

Lemoako garbiketa gremioko langileak, bide desbardinetatik, burrukan egon dira atzenaldian euren lan-baldintzak hobetuteko asmoagaz. Batetik, Lavanderias Ilunion ikuztegi industrialeko langileak 2023tik egon dira burrukan eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ordezkatuta, euren lehen hitzarmen kolektiboa sinatu dabe. Bestetik, udal zerbitzuetako garbitzaileak egon dira eta kale garbitzaileek, ELAk gidatuta sinatu dabe euren akordioa.

Ilunion enpresako langileek hainbat burruka ekimen egin ebezan 2023an eta 2024an, greba egunak barne. Atzenean, enpresa batzordeak lortu dau patronalagaz 2023-2025 urteak baitan hartzean dauzan hitzarmen kolektibo propioa sinatutea eta datorren urtean, hitzarmena barriz negozietako akordioa dago. Hambost urteren ostean, "bizitzak duintzeko" balioko dauan lehen hitzarmena da hau.

Izan be, hitzarmenaren bitartez langileek hobekuntzak lortu ditue, atzerakinak kobreteaz aparte. KPIaren igokerea baitan hartu eta aurten %1 gehiago izango dabe, Horrezaz gainera, ofizial kategoria sortu eta honeek %6ko igokerea izango dabe soldatan. Antzinatasuna hobetutea eta lan egindako jai egunen soldatea be handituko da, egun libreak hartu eta baja hartzearen egoerea hobetuteaz gainera.

Udal garbiketa zerbitzuak be burrukan

ELA sindikatuak gidatuta, Lemoako udal garbiketa zerbitzuetako langileak be egon dira edo badagoz hobekuntzak exijiduteko burrukan murgilduta. Negoziazinoa hiru bidetatik eroan da, hiru azpikontratagaz: kale garbitzaileak, lorazainak eta udalaren lokalen garbitzaileak. Kale garbitzaileek sinatu dabe daborduko hitzarmena, %15eko soldata igokereagaz. Lanaldi murrizketea, lanpostu hutsak betetzeko betebeharra, indarraldi mugagabea eta honeek aplikatzeko bermea be jasoten dau hitzarmenak.

ELAko Jon Ander Zelaiak BEGITUri aurreratu deutsonez, sindikatua hiru azpikontratakaz eta Lemoako Udalagaz ibili da batzean udal garbiketa zerbitzuetako langileen lan-baldintzak hobetuteko. Kale garbitzaileen hitzarmena sinatuta, "helburua da datozen asteetan (lorazain eta loketako garbitzaileen) akordioak be behingoz sinatutea", adierazo dau Zelaiak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!