sutea

Arratiako larrialdietarako etxeetan kokatu dabez etxea galdu daben lemoaztarrak

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 29a, 15:18

Lemoako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak eta Mankomunidadeko Gizarte Zerbitzuak koordinazino-mahai bat osotu dabe suteak kaltetutako herritarren egoerea aztertzeko.

Hamar dira guztira garagarrilaren 20an Lemoako Estazinoa kalean izetu zan sutean etxebizitzea galdu daben lemoaztarrak. Tailer bi, kotxeena bat eta plastikoen birziklapenerako bestea, eta zortzi etxebizitza desagertu arazo ebazan suteak. Saioa Elejabarrieta alkateak BEGITUri azaldu deutsanez, etxea galdu eta lehen egunak ostatuan pasau ebezan auzotarrak Arratiako larrialdietarako etxebizitzetan kokatu ditue daborduko.

Traba legalak sortu daitekez, etxebezitzetako batzuk baimen bakoak ziralako, baina Elejabarrietak argi adierazo dau: “Guretzako ezer barik gelditu diran personak dira”. Garrantzitsuena herritarrentzako urtenbidea topetea dala azaldu dau, eta “gero gerokoak".

Ikerketak martxan

Oindino ikerketa lanak amaitu barik, ez dago argituta zein izan zan sua izetuteko arrazoia, ezbeharraren egunean zirkuitu labur bateri egotzi bajakon be. Ertzaintza eta suhiltzaileak bakarrik ez, Uraren Euskal Agentzia be badago gertautakoa ikertzen. Izan be, 50 tona plastiko, 4.000 litro gasoil, 50 auto eta amiantoa erre ostean, sustantzia toxikoak errekara heldu ziran. Honeek Ibaizabaletik behera joatea eragozteko, hesi flotagarri bat ipini dabe uretan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!