Kotxepin kultur etxea

Komuneko atea eta fatxadako harriak apurtu dabez Kotxepin Kultur Etxean

Asier Abrisketa 2022ko urt. 21a, 11:13

Uda hasikeran zabaldu zanetik hirugarrenez salatu dauz kalteak Lemoako Udalak, Elizondoko kulturguneko leiho bat be agertu da apurtuta.

Aurreko udan zabaldu ebazan ateak Lemoan Kotxepin Kultur Etxeak eta barriro agertu dira fatxadako harriak apurtuta. Urri lehenengoan 63 apurtu ebezan, aste honetan 10. Baina oingoan, kalte gehiago be eragin dabez ezezagunek.

Apurketak urri lehenengoan

Argazkian: urri lehenengoan egindako apurketak

Kotxepin kanpokaldean dagoan komuneko atea eta Elizondoko kulturguneko leiho barrietako bat be agertu dira apurtuta.

Eukeni Bikarregi alkateordea: "Herritarrenganako errespetu falta galanta da gertatzen dabilena. Kotxepin Kultur Etxea ez da eraikin bat bakarrik; Lemoako herritarrentzako alkargune bat da".

"Hirugarrenez berba egin behar dogu kultureagaz, liburuekaz edo musikeagaz zerikusirik ez daukan gertakariren baten inguruan" kexau dira Udal arduradunak azken apurketakaz.

Segurtasun kamarak

Kotxepin Kultur Etxean segurtasun kamarak ipintea aurreikusi zan hasikeratik, baina honeen instalazinoa atzeratu egin da. Udalak azaldu dau pandemiak eta tresna informatikoen hornidura falteak eragin dauala atzerapena.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!