Basoan ipinitako kamareak erakusten dauanez, habitat aberats bat kaltetuko da Aparioko harrobiaren hedapenagaz

Asier Abrisketa 2023ko urr. 26a, 17:16

Bisoi europearra agertu ez dan arren, ikusi da ugaztun espezie ugari bizi dirala bertan: lepazuria, katajinetea, azkonarra, katamixarra, basurdea, azagaria eta orkatza.

Cementos Lemonak, oin CRH multinazional irlandarraren esku, 1990ean lortu eban Apario menditik kareharria aterateko baimena eta 1996tik aurrera hasi zan ustiaketea. Gaur egun, Igorre eta Lemoa aldetik atera beharreko harri guztia aterata dago eta beraz, Aparioren Bediako aldea ustiatuten hasiko dira, abuztuan jakin zanez. El Correo egunkariak argitu ebanez, Bediako Udala hasi da daborduko arau subsidiarioak aldatzen. Izan be, oin arte Bediako urigintza planak Apario ingurune natural gisa babesten eban eta hau aldatu behar izan da, bertatik kareharria aterateko.

Hau aldatu ahal izateko, Bediako Udalak hainbat konsulta egin ditu eta holan heldu dira Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren txostenak. Biek bat egin dabe, ustiaketa honek ingurumen kalte larriak eragingo dituala esaterakoan. Batetik, Foru Aldunditik adierazo da, ustiaketa honek talka egiten dauala lurraldeko konserbazino estrategiakaz, korridore ekologikoen sistema eratzeagaz batik-bat.

Bide berean, bertoko fauna eta flora be ikusiko da kaltetuta. Batetik, artadi kantauriarraren lau hektarea ebagi beharko dira eta hau "interes komunitarioko habitata" da. Espezie babestuen inguruan, floraren aldetik lizarrak eta haltzak be bota beharko dira; faunaren aldetik ostera, belea eta ziurrenez, bisoi europearra ikusiko lirateke eremutik botata, galzorian dagozan animaliak biak. Aste honeetan ustiapen eremuan jaioten dan errekatxoan baso kamara bat egon da eta bisoiaren frogarik agertu ez dan arren, ikusi da ugaztun espezie ugari bizi dirala bertan: lepazuria, katajinetea, azkonarra, katamixarra, basurdea, azagaria eta orkatza.

Halanda be, ustiaketeak aurrera egingo dau, Eusko Jaurlaritzak 1990 urtean emondako baimen bateri esker. El Correo-ren esanetan, Cementos Lemonak proposamen bat egin dau inpaktua arinduteko, zortzi hektarea arte landatutea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!