apario

Aparioko harrobian, Bediako zatia ustiatzen hasiko da Cementos Lemona

Asier Abrisketa 2023ko abu. 18a, 11:38

argazkia: TAIM WESER

Ingurumen Sailak zein Foru Aldundiak "inpaktu natural handia" izango dauala ondorioztatu daben arren, erakunde autonomikoak 1990 urtean emon eban baimena eta beraz, aurrera doa proiektua.

Cementos Lemonak, oin CRH multinazional irlandarraren esku, 1990ean lortu eban Apario menditik kareharria aterateko baimena eta 1996tik aurrera hasi zan ustiaketea. Gaur egun, Igorre eta Lemoa aldetik atera beharreko harri guztia aterata dago eta beraz, Aparioren Bediako aldea ustiatuten hasiko dira. El Correo egunkariak argitu dauanez, EAJk gobernautako Bediako Udala hasi da daborduko arau subsidiarioak aldatzen. Izan be, oin arte Bediako hirigintza planak Apario ingurune natural gisa babesten eban eta hau aldatu behar izan da, bertatik kareharria aterateko.

Hau aldatu ahal izateko, Bediako Udalak hainbat kontsuta egin ditu eta holan heldu dira Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren txostenak. Biek bat egin dabe, ustiaketa honek ingurumen kalte larriak eragingo dituala esaterakoan. Batetik, Foru Aldunditik adierazo da, ustiaketa honek talka egiten dauala lurraldeko kontserbazino estrategiakaz, korridore ekologikoen sistema eratzeagaz batik-bat.

Bide berean, bertoko fauna eta flora be ikusiko da kaltetuta. Batetik, artadi kantauriarraren lau hektarea ebaki beharko dira eta hau "interes komunitarioko habitata" da. Espezie babestuen inguruan, floraren aldetik lizarrak eta haltzak be bota beharko dira; faunaren aldetik ostera, belea eta ziurrenez, bisoi europearra ikusiko dira eremutik botata, galzorian dagozan animaliak biak. Halanda be, ustiaketeak aurrera egingo dau, Eusko Jaurlaritzak 1990 urtean emondako baimen bati esker. El Correo-ren esanetan, Cementos Lemonak proposamen bat egin dau inpaktua arinduteko, zortzi hektarea arte landatutea.

2050 urtera arteko ustiapena

Cementos Lemonaren kalkuluen arabera, Aparioko Bediako zatiaren ustiaketea 2050era arte luzatu daiteke eta bertotik, 18,7 milioi tona kareharri atera ahal izango dira (7 milioi metro kubiko). El Correo-n egindako adierazpenetan, Cementos Lemonako ordezkari batek defendidu dau, ustiapen hau beharrezkoa dala enpreseak eskualdean jarraituteko eta jokoan dagozala zuzenean emoten dituan 212 lanpostu. Beste alde batetik, esan dau hau ez dala ingurumen gatazka bat, "tramite administratibo" bat baino ez, ustiapena herriz-herri mobidutea hain zuzen be.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!