Saretzen ekimenagaz, TOKIKOMeko hedabideok eta EITBk Hego Euskal Herriko errenta arrakalen gaineko erreportajea argitaratu genduan zemendian. Oin, BEGITUk Arratia, Ubide eta Zeberioko errenta datuak aztertu ditu, herriz herriko aberastasun arrakalak azaleratu eta eskualdearen maila ekonomikoaren gaineko idea hobe bat egiteko. Gure eremua eskualde modura hartuta, Hego Euskal Herriko 33 eskualdeetatik, 12. postuan gagoz 17.240 eurogaz, batez besteko personako errenta sailkapenean (INE, 2022). Gorbeialdea (19.367 €), Plentzia-Mungia (19.058€) eta Debagoiena (19.004 €) dira aberatsenak eta txiroenak, Araba zein Nafarroa hegoaldeko eskualdeak dira; Arabako Errioxa da atzena (12.661 €).
Batez beste, Arratia, Ubide eta Zeberioko bizilagunok 17.240 euroko errentea daukagu. Beraz, Hego Euskal Herriko batez bestekoaren gainetik gagoz; 16.908 eurokoa da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako batez bestekoa. Baina eskualde gehienetan baino aberastasun gehiago dagoan arren, Arratia, Ubide eta Zeberion badagoz nabarmenduteko arrakalak be. Izan be, errenta personala kontuan hartuta, zeanuriztarrek ubideztarrek baino % 20,3-ko errentea daukie. Errenta familiarra kontau ezkero, Ubide eta Artearen arteko desbardintasuna errenten % 32,77-koa da.
Esan moduan, gure eremuko personako errentea 17.249 eurokoa izan zan 2022an. Batez besteko horren azpitik Ubide da pobreena (15.254 €) eta gero Areatza (15.363 €), Igorre (15.494 €) eta Lemoa (16.091€ ) dagoz. Gainetik barriz, Bedia (17.476 €), Arantzazu (18.147 €), Dima (18.301 €), Artea (18.561 €), Zeberio (18.668 €) eta 19.000 euroko langea gaindituten dauan bakarra, Zeanuri da 19.132 euroko errenteagaz. Jon Bernat Zubiri EHUko Lan Harreman fakultadeko Ekonomia Aplikatuko irakasleak azalduten dauanez, batez besteko datuak izanda, errenta altuek asko igoten dabe zenbatekoa. Beraz, batez be Zeanuri, Zeberio, Artea eta Diman bizi dira eskualdeko errenta altuko personak.
Errenten hazkunde arrakala
2016 eta 2022ko datuak alderatuz gero, BEGITUren eremuko errenta personalak % 20,4 hazi dira batez beste sei urtetan. Ubide, Areatza eta Igorre personako errenta baxuenak dabezan hiru herriak dira eta gainera, 2016tik 2022ra gitxien hasi diran herrien artean kokatuten dira; Igorre % 13,3, Areatza % 13,6 eta Ubide zeozer gehiago, % 17,8. Artea barriz, errenta altuenen hirugarren herria izan arren, errentak gitxienen hazi diran herria da, %12,1. Errenten hazkunde-tasak % 20tik gora igon diran herriak Lemoa (% 23,1), Dima (% 24,1), Zeberio (% 25,7), Arantzazu (% 27,6) eta Bedia (% 28,4) dira hurrengoz hurrengo.
Familien errenta
Errenta personalakaz baino, herri bakotxeko familien errentakaz arrakala ekonomikoak oindino gehiago nabarmenduten dira. Artea da batez besteko familia errenta handiena daukan herria, 47.782 eurogaz. Ubide barriz, atzen postuan manteniduten da hemen be, 32.124 eurogaz. Beraz, Arteako familien errentak Ubidekoenak baino % 32,77 altuagoak dira. Banakakoen errenta desbardintasunaz gainera, arrakala hau etxe bakotxean bizi diran persona kopuruak be baldintzatuten dau. Izan be, Ubiden 2,1 persona bizi dira batez beste etxebizitza bakotxean eta Artean 2,6. Holan, etxe bakotxean persona gehiago bizi diralako aurreratuten dauz postuak Arteak, personen errentako lehenengo postuetan dagozan Zeanuri, Zeberio eta Dimagaz konparauta.
Ubideren ostean, Areatzako familien errentak dira bigarren bajuenak (37.075€), gero Lemoakoak (38.894), Igorrekoak (39.894€), Bediakoak (42.118 €), Zeberiokoak (44.929 €), Arantzazukoak (45.778 €), Zeanurikoak (46.006 €) eta Dimakoak (46.515 €), Artea lehen postuan egonda. Tarteko herri guzti horreetan, 2,4 eta 2,5 persona artean bizi dira etxebizitza bakotxean.
