Saretzen: Etxebizitzak

Arratia, Ubide eta Zeberion, etxebizitzen merkaduaren errekuperazinoa astiro doa

Erredakzinoa 2024ko aza. 6a, 09:38

Saretzenek, Tokikom eta EITB datu kazetaritzako proiektuak jaso ditu datuak, Eustat, INE, Nastat, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Etxebizitzako Behatokitik.

Landa eremua izanik eta baserri asko dagozalako, Arratia, Ubide eta Zeberioko etxeek batez beste Erkidegokoak baino handiagoak eta zaharragoak dira eta eraikin bakotxeko etxebizitza kopurua txikiagoa da. Euskal Herriko beste lekuetan gertatzen dan legez, 10 familiatik 8k jaubetzan daukie etxea. Alokairuak ez dau gora egin, alderantziz eta etxebizitza salmentak joera orokorrari jarraituz, 2013tik hona errekuperau dan arren, 2007an maila gorena eukanean alderatuta, arrakala Erkidegoko batez bestekoa baino handiagoa da: 2023an, Erkidegoan, salerosketa opoerainoak, 2007an baino %17 gitxiago izan ziran eta Begituren eremuan %34 gitxiago.

2023ko datuen arabera, Arratia, Ubide eta Zeberioko etxebizitza parkea 8.342 etxebizitzakoa da. Horreetatik 6.192n erroldatuta dago jentea; hau da, bertan bizi dan edo diranen etxebizitza nagusia da. Datuon arabera, beste 2.150 etxebizitza dagoz etxebizitza nagusiak ez diranak; hau da, bigarren etxea diranak, hutsik dagozanak edo beste erabilera bat daukienak (udalen emergentzia egoeretako etxeak, etxe turistikoak, eta abar). Begituren eremuan, atzen hamarkadan, apur bat jatsi egin da etxebizitza nagusiak ez diran etxebizitza kopurua. Izan be, 2013an 2.476 ziran etxebizitza nagusia ez ziran etxeak eta 2023an, 2.150. Baina asko izaten jarraituten dabe, etxebizitza guztien laurden bat gitxi gorabehera.

Etxebizitza nagusiak, jaubetzan ala alokairuan

Euskal Herrian, 10 familiatik 8 bere jaubetzako etxebizitza baten bizi da. 2023ko datuen arabera, Euskadin, %81,2 eta Nafarroan, %82,6, hain zuzen be. Begituren eremuan be, mantenidu egiten da porzentajea Arratia, Ubide eta Zeberion, batez beste %83,79 da. Herriz herri, jaubetzaren etxebizitzaren kuota handiena daukana Arantzazu da (%91,7) eta txikiena Areatza (%79,9).

Jaubetzaren kuota handia izan arren, atzen hamarkadan, 2013-2023 gora egin dau alokairuan bizi diran familien ehunekoak: Euskadin %11,3tik 14,3ra igon da; Nafarroan, %12,6tik %13,7ra eta Estaduan %15,4tik %18;7ra. Gurean barriz ia bardin mantenidu egin da porzentajea, apur bat behera egin dau: 2013an, %10,68 familia bizi ziran alokairuan eta 2023an, %10,35a. Baina herriz herri eta beti be ehunekoetan, gora egin dau alokairuan bizi diran familiak, batez be Arantzazun, Areatzan, Diman eta Igorren.

Etxebizitzen salerosketea

Euskadi, Nafarroa eta Estaduan etxebizitzen salerosketeak izan dauan bilakaerea antzekoa izan da. 2007tik 2013ra, 6 urteko beheraldia egon zan, “higiezinen burbuilagaitik”. 2007aren aldean, Euskadin salerosketak %60 murriztu ziran; Nafarroan %61 eta Estaduan %65.

2013tik 2023ra egoerea hobetuten joan zan eta 2007an baino etxe gitxiago saldu eta erosten baziran be, asko txikitu zan arrakala. Holan, 2023an, salerosketa operazinoak 2007an baino %17 gitxiago ziran; Nafarroan %13 eta estaduan %24.

Bilakaera horretan, lau mugarri bereizten dira: 2007 etxebizitza salerosketen maila gorena; 2013 gitxieneko maila higiezinen krisiaren eraginez; 2014-2019 apurka suspertzeko fasea, pandemiara arte (2020-2021); 2022-2023 hobekuntza, batez be 2022an, 2023an apur bat atzera egiten dau eta.

Antzeko garapena izan dabe salerosketak Begituren eremuan. Arratia, Ubide eta Zeberion, 2007an, 168 etxebizitzen salerosketa egin zan; 2013an, 37 baino ez, eta 2023an, 111. Beraz, gurean be joera orokorra beteten da, krisiaren osteko beheraldia eta atzen hamar urteetako higiezin merkaduaren errekuperazinoagaz, baina 2007ko zifretara heldu barik. Ha-ta guzti be, susperraldia beste lekuetan baino txikiagoa izan da, 2007an egindako salerosketa eragiketa %34 gitxiago egin ziran-eta Begituren eremuan.

Euskal Herrian, Gipuzkoak izan dau susperraldirik handiena, ondoren Nafarroak, Bizkaiak eta Arabak.

Saltzean dan etxebizitza mota

Batez be bigarren eskuko etxebizitzak saltzean dira gaur egun. 2007an, ia erdi eta erdi zan banaketea etxebizitza barrien eta bigarren eskukoen artean, Euskadin zein Estaduan. 2008-2013 bitartean izandako krisiak eraikuntzaren sektorea gelditu arazo eban, batez be, etxebizitza barrien eraikuntza. Hori dala-ta, 2023an, etxebizitzen salerosketearen %86 Euskadin, %74 Nafarroan eta %91 Estaduan, bigarren eskuko etxebizitzak izan ziran.

Honetan be, Ubideko datuen faltan, Arratia, eta Zeberion bigarren eskuko etxeen salerosketea %93,2 izan zan, %7ra be ez zan heldu etxe barrien salerosketea 2023an.

2023an saldutako ia etxe guztiak merkadu librekoak ziran. Arantzazun, Artean, Diman, Igorren, Zeanurin eta Zeberion saldu ziran guztiak merkadu librekoak izan ziran % 97, 6. Beraz, Babes Ofizialeko etxebizitzak, Bedian %10; Areatzan, %9,1 eta Lemoan %2,6 bakarrik saldu ziran.

Euskal Herriari jagokonean, Arabak dauka babestutako etxebizitzen kuota handiena %6,4; gero Nafarroak %4,8; ondoren Gipuzkoak %4,3 eta atzenik Bizkaiak %3,2. Babes Ofizialeko etxebizitzak sustapen pribadu edo publikokoak (Etxebizitza Sailak konzertatuak) izan daitekez. Bizkaian, pribaduak etenbako gorakadea erakusten dau. Sustapena egonkorra izan da eta 2024an %100era ailegau da. Atzen hamarkadan apenas ez da Babes Ofizialeko Etxebizitzarik eregi eta 2023an Euskal Herrian, salduteko etxebizitzen %5 baino gitxiago ziran etxebizitza babestuak.

Prezioa eta ezaugarriak

Etxebizitzen salerosketen prezioa, 2023an, batez besteko 2.957 euro m2-koa izan zan Euskadin eta 1.927koa Nafarroan. Estaduko batez besteko prezioa 1.814 euro m2-ko izan zan. 2007ko prezioetara heldu ez dan arren, 2015etik etxebizitza salerosketen batez besteko prezioak goranzko profila erakusten dau. Euskadin, 2022tik 2023ra %3 igon da prezioa.

Etxebizitzen salerosketen prezioari jagokonean, Begituren eremuko herriz herriko daturik ez daukagu, baina 2022ko datua emoten dau Eusko Jaurlaritzak Arratiako eremu funtzionalari jagokona; hau da Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuri bat eginda, herriz herri banandu barik. Metro koadroa, batez beste, 1.798 euroan saldu zan. Beste eskualdeen aldean, Bizkaiko eremu funtzionaletako batez besteko preziorik merkeena da hau.

Erkidegoan, 2023an, preziorik bajuena, Arabako Errioxari jagokon, 976 euro metro koadroko; 1.000 euro m2-tik beherako balioa daukan espazio bakarra zan.

Uriburuek eta inguruko udalerri handiek daukie m2 garestiena: Donostiak 5.378 euro m2, Bilbok 2.912 euro eta Gasteizek 2.556 euro.

Alokairuari jagokoenean, EAEn batez besteko alokairua 775 eurokoa da. Arabak dauka alokairurik merkeena, 716 euro; Gipuzkoak karuena 808 euro eta Bizkaiak, barriz, 768 euro.

Alokairuen prezioak KPIa baino gehiago handitu dira. EAEn, 2016 eta 2023 bitartean, alokairuen prezioa %23 hazi da eta KPIa %19; Arratia-Nerbioi eskualdean barriz, 2016tik 2023era 466,2 eurotik 558,4 eurora igon da, %19,77, ia KPIaren bardina.

Etxebizitzen ezaugarriei jagokienean, Erkidegoko profila, 40 urte baino gehiagoko etxea, 80-95 m2 ingurukoa eta igongailuagaz da. Baina uri edo herri handietako etxeak eta landa eremukoak, baserri askogaz, ezaugarri desbardinak ditue. Gure eskualdeko etxebizitza motak ez dau bat egiten profil orokorragaz. Izan be, Arratia, Ubide eta Zeberioko etxebizitzaren profila, 56 urtekoa eta 107,7 m2-koa da.

Igongailuari jagokonean, Arratia-Nerbioi da Bizkaian, etxeetan, igongailu gitxien daukan eremua. Eremu honetan, etxeen % 39,3k bakarrik daukie igongailua; Durangaldean, barriz, % 71,2k.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!