Luis Angel Erkiagak 1996ko garagarrilaren 1ean zabaldu eban Igorreko Albaitari klinikea. Harrezkero, txakur, katu eta gainontzeko animalia ugari artatu ditu bere klinikan. Izan be, Arratia, Ubide eta Zeberion, albaitari klinika bi baino ez dagoz; bata Lemoan eta bestea Igorren, eta eurek atendituten dabez inguruko txakur, katu eta gainontzeko maskotak.
Gizartea aldatu egin dala eta txakurrak eta katuak tratetako eran ikusten dala hau uste dau Erkiagak. Baserriko mundua eta maskotena mundu bi dira. Eta bigarrenerantza doa gizartea, bestea atzean itxita.
Arratia, Ubide eta Zeberion, Begituren eremuan ia 4.500 txakur dagoz eta etxe erdietan baino gehiagotan dago txakurren bat. Horreezaz gainera, katuak eta beste maskota batzuk be badagoz. Argi dago asko dirala. Zergaitik hainbeste maskota edo animalia etxean?
Asko dira baina Arratian esate baterako, beti egon dira asko. Baserrietan, gehienbat, beti egoten ziran bi edo hiru txakur: arratoi-txakurrak, etxea jagotekoak… baita katuak be. Baserri bakotxean, 3 edo 4 katu. Oin, mikrotxipa daukienez, kontrolauta dagoz, kopurua jakin leiteke. Baina igoal gehiago egongo ziran lehen oin baino.
Aldatu egin dana da herritik zabizenean, paseoan ibilten dala jentea txakurrakaz. Lehen hemengo txakurra ez zan kalean ikusten; baserrikoa zan eta baserrian egoten zan, baserriaren inguruan. Eta baserri bakotxean txakur bi edo hiru eta beste katu bi edo hiru egotea nornala zan.
Baina gizartea asko aldatu da eta atetik sartzean danean bezeroa, erradiografia atera behar deutsazu, jakin ze txakur daukan, zelangoa dan bera eta zelan tratetan dauan txakurra. Mundu bi diralako.
Baserrietan txakurrak egoten ziran, zeozelan, lan bat egiteko eta oin kalean, herrietako kaleetan, txakurraren funzinoa konpainia egitea da, ezta?
Horixe! Hemen txakur mota bi dagoz. Alde batetik, baserrikoa segiduten dauana lehengo moduan. Txakurrek eta katuek euren funzinoa daukie. Eta badagoz be konpainiarako dagozanak, txakurrak gehiago katuak baino.
Hor bai igertzen dala aldaketa handia, atzenengo hamar urteetan-edo gertatu dana. Konpainiako txakurrak, jaubearentzat, seme-alaben modukoak dira. Gorakada handia egon da maskotei jagokienean. Familikoatzat daukiez. Lehenengo aldia da Arratian txakurra etxe barrura sartzean dala. Baserrikoa ez zan sartzean etxe barrura.
Zergaitik? Hori gizarteagaz doa, Arratia ez dago aparte. Umeak be, txakurrak baino askoz gitxiago dagoz. Gizartea aldatu egin da eta hori Arratiara be heldu da.
Albaitari klinikak be mota bitakoak dagoz: betikoak, gure modukoak, familiarrak edo, albaitari bategaz edo bigaz; eta Bizkaian be badaukaguz albaitari klinika batzuk ospitalen modukoak diranak, personen ospitalen langoak. Gainera, inbersino funtsak be sartu dira arloan, eta klinika kateak dagoz.
Arratian ez dago holangorik, albaitari klinika bi dagoz, ezta? Bata Igorren eta bestea Lemoan.
Bai, ointsu zabaldu dabe Lemoan. Ha be txikia, familiarra. Baina maskota daukien familiak arduratuten dira asko eta beste zerbitzu batzuk behar dabez, albaitari espezializaudunak. Hau da oftalmologoak, dermatologoak, traumatologoak… Eta ospitaletan erresonantzia magnetikoak, scannerrak, eta abar egiten dira. Ontxe zabaldu da albaitari klinika bat Asuan (Erandio) eta horreek daukaz 50 albaitari, 2.000 metro karratu, 12 konsulta, kirofanoak...
Eta zerbitzu horreek, bakarrik erabilten dabez maskoten jaubeek ala baita baserritarrek be.
Baserri baten bizi dan txakurra, igoal zoriontsuagoa da, baina egia da baserriko personak ez dagozala hain gainean. Batzuetan ez deutsee inportantzia handia emoten gauza txikiei. Baina kalekoek bai, edozein gauza txikigaz arduratzen dira. Eta jentea ordainduteko prest dago. Zerbitzu horreek garestiak izaten dira, baina umerik ez dagoanez holango etxeetan, ba “gure umea bera da” dinoe.
Txakurren funzinora bueltauz, hemen Arratian, zertarako erabilten dira txakurrak gehien.
Hemen danerik daukagu. Gehienak konpaniarako, baina oindino baserriko asko daukaguz. Ez dakit noz arte manteniduko diran. Beste alde batetik, Arratian kazari asko dagoz, basurdetan zein txoriak harrapetan ibilten diranak, ehiza nagusi eta ehiza txiki deitzean diranetan, hain zuzen be. Eta horretarako txakur mota batzuk dagoz.
Gero ardi-txakurrak dagoz. Ardi-txakurrak asko ikusten dira. Eta euren artean gorantza egin dau mastinak. Asko. Otsoa dagoalako. Ardiak hor Gorbeia inguruan jagoteko batez be dago mastina eta etxeak jagoteko be bai.
Baina hemen, klinikan, mastina ikustea gatxa da, ze euren manejua oso gatxa da. Mastina mobidutea ez da erraza, tamainuagaitik eta oso buru gogorra dalako.
Arratoi-txakurra desagertzen doa Arratian.
Mendian artaldean jagoten dagozan mastin handi horreek arazo izan daitekez. Batzuetan kaminora be urteten dira...
Jente gehiagok be esan deusta hori. Gu ez gagoz ohituta horretara. Hemengo ardi-txakurra 20 edo 25 kiloko txakurra izaten zan. Eta gero eta jente gehiagok esaten deusta inoz bidera urten jakola mastinen bat. Hori arazoa da. Ganadudunek dinoe otsoak dagozala, baina hor oreka bat lortu behar da mastina daukien abeltzain eta mendira doan jentearen artean.
Etxeak jagoteko be mastinak dagoz eta arazoak sortuten dira, ze ez da bardina haginkada bat hartzea 20 kiloko txakur batena edo 70 kiloko batena. Eta askotan, jaubeek ezin dabe txakurra ekarri txertoa ipinten; ezin dabe manejau. Batzuetan geu joaten gara txertoa ipinten, baina beste batzuetan ezinezkoa izaten da.
Txakur txikiak gitxiago dagoz handiak baino, ezta?
Bai. Hemen Arratian txakur handiak gura dauz jenteak: 20-25 kilotik gorakoak. Ardi-txakurrak zein konpania txakurrak, handiak. Txakur txikia gitxi ikusten da Arratian. 7-10 kilokoa, gero eta gitxiago ikusten da. Baserrietan egoten zan behiakaz edo oiloakaz baina desagertzen doa. Kortak be desagertzen doazen neurrian… Horren funzinoa baserrian desagertu egin da eta gaur egun, txakur txikiak topetea be gatxa da. Eta lehen baserri guztietan egoten ziran.
Txakurrak gero eta handiagoak dira eta tratamentuak gero eta garestiagoak. Txakur handi bat eukitea, txakur txikia eukitea baino askoz garestiagoa da. Tratamentu guztiak, txertoa izan ezik, baita prebenzinozkoak be, pisuka doaz. Eta jatekoa be bai. Eta lekua, pisu baten txakur txiki batek espazio txikiagoa behar dau zoriontsu izateko; handiak, handia. Baina hemen txakur guztiak izan behar dira handiak.
Txakurrak, katuak eta ze maskota gehiago daukaz jenteak Arratian?
Hemen txakurrak eta katuak. Oso gitxi dago besterik daukana. Baten batek, hudoa; besteren batek, konejua… baina gitxik. Tratamentuak desbardinak diranaz, beste klinika batera desbideratu behar dira.
Zeintzuk dira hona datozan txakurrek eukiten dabezan gaixotasunak?
Hemen daukagun giroagaitik, kaparrak dagoz asko. Eta horregaz jentea oso mentalizauta dago. Bai horregaz eta bai barruko biziokaz be. Hemen ez daukagunez ez bero handia udan ez hotz handia neguan, habitat oso ona da parasitoentzat. Eta horregaz eralazionautako gaixotasunak be tratetan doguz.
Baina egia da jentea oso mentalizauta dagoala eta prebenzinoa dala batez be egiten doguna. Prebenzinoa inoz baino inportanteagoa da jenteak txakurrakaz konpartidu egiten daualako pisua. Lo be txakurrakaz egiten dabe batzuek eta badagoz gaixotasun batzuk, personetara pasau ahal diranak. Orduan lan hori oso-oso inportantea da gaur egun.
Atzen 10 urteotan be, egin dabe gora asko antzutzeko ebakuntzek. Arrei eta emeei. Pisu baten kastrau bako ar bat eukiteak arazoak emon ahal ditu bere karakterragaitik, eta auzokoakaz euki ahal dira arazoak. Emeak antzutu barik eukiteak be arazo handiak ekarri ahal ditu. Orduan konbibentziarako maskotak, txakurrak eta katuak kapau egiten dira.
Prebenzino lana eta kastrazinoa da gehien egiten doguna.
Eta tratetan doguzan gaixotasun batzuk aitatutearren, erreakzino alergikoak, erleen ziztadak edo sugeen haginkadak eta arazo dermatologikoak aitatuko neukez.
Arratian badago nahiko zerbitzu maskoten beharrizan guztiak atendiduteko?
Faltan botaten dana da txakur ule-apaindegi bat. Baita, txakur edo katuentzako hotel bat. Ze jentea oporretan joaten danean, batzuek bai eroaten dabe euren maskotea, baina beste batzuek, segun nora joaten diran, ezin izaten dabe. Jenteak gauza horrek gura dauz. Esango neuke ez gagozala guztiz preparauta.
Albaitari aldetik ondo gagoz. Nahikoa dago arazo nagusiak konpondu eta prebenzinorako.
Animalienganako tratu txarren kontrako lege barriak ekarriko dau aldaketarik jentearen portaeran?
Txakurrak edo katuak maskota moduan daukienek pentsetan dabe baserrietan txarto tratetan dabezala animaliak. Baserrikoek barriz, esaten dabe “zuek pentsetan dozue zuok ondo zainduten dozuela txakurra pisu baten eukinda?” Hor eztabaida bat dago. Baserrikoak pentsetan dau txakur zoriontsua dala han dagoan txakurra, eta pisuan daukanak txakurra, berak hobeto atendiduten dauala baserrikoak baino. Salaketak egon daitekez.
Legea tratu txarrik ez egoteko da. Puntuz puntu irakurri ezkero, ehuneko ehunean ez dala beteko uste dot.
Gizartea antiespezismorantza doa, ezta? Giza eskubideak eta animalienak parekatzera.
Bai, horrantza doa. Animaliakanako erlazinoak guztiz desbardinak izango dira etorkizunean.