Maskotak Saretzen

Arratiako etxeetan ia bost mila txakur dagoz

Bea Azpiri 2024ko eka. 18a, 08:00

Arratia, Ubide eta Zeberion, etxe erdietan baino gehiagotan, gitxienez txakur bat dago. Baserrietan, txakurrak lanerako izaten dira: artaldea edo behiak jagoteko, baita etxea be. Baina atzen urteotan, txakurren funzinoa aldatu egin da asko, eta gero eta gehiago dira konpainia txakurrak; hau da maskotak. Gauza bera gertatu da katuakaz; baserrikoak ez diranak, etxeetan bizi dira etxekoei konpainia egiteko.

Espainiako estaduan, txakurren bat daukien etxeen ehunekoa %24-25 da. Euskadin eta Nafarroan barriz, kopurua da 5etik 1. Arabak dauka bataz besteko handiena (%25,1), gero Gipuzkoa (%22, 2), eta Bizkaian ehunekoa %21,9 da. Zerikusirik ez, Arratia, Ubide eta Zeberiogaz, Begituren eremuan erregistrautako txakurren bat etxeen %52,5en daukie. Txakurra daukien familien ehuneko txikerrena Igorrek dauka %32,4 eta handiena Dimak %73,7.

Gaztela-Mantxa eta Kanariak dira estaduan biztanleko txakur kopurua handiena daukienak, 10 biztanleko 3 txakur inguru. Euskadik (1,50) eta Nafarroak (1,57) ratio txikinetakoak ditue.

Ez da gure eskualdearen kasua. Izan be, RIAC Euskadi eta Saretzen-en datuen arabera, txakur gehienak konpainiarako dira. Datuok erregistrautako txakurrenak dira, hau da txipa daukienenak. Horreen arabera, Ubidek dauka konpainiarako txakurren ehuneko txikiena % 57 eta zaintzarako handiena % 29; Arantzazuk barriz, konpainiarako ehunekorik handiena % 83, ehizarako be handiena % 18 eta zaintzarako txikiena % 6. Zeanurin eta Zeberion, txakurren %20 zaintza edo artzaintzarako dira.

Txakur gehiago umeak baino

Begituren eremuko herri guztietan, ume baino txakur gehiago dagoz. Txakurrek, umeen kopurua ia bikoztu egiten dabe. Holan, Arantzazun, 15 urtetik beherako 63 lagun dagoz eta 107 txakur; Areatzan, 191 ume eta 262 txakur; Artean, 107 ume eta 286 txakur; Bedian, 125 eta 430; Diman, 22e eta 687; Igorren, 674 dira 15 urte baino gitxiagoko biztanleak eta 860 txakur dagoz; Lemoan, 585 ume eta 774 txakur; Ubiden 22 ume eta 58 txakur; Zeanurin 167 ume eta 552 txakur eta Zeberion, 146 dira 15 urtetik beherako herritarrak eta 480 txakur dagoz erregistrauta.

Maskotak atendiduteko, albaitari establezimentu bi dagoz gure eremuan: bata Lemoan eta bestea Igorren. Lemoan, erregistrauta dagoz 774 txakur, 61 katu eta 4 osterantzeko maskota; Igorren, 860 txakur, 93 katu eta 4 bestelako maskota. Establezimentuok ez ditue bakarrik herriko maskotak artatzen; inguruko herrietakoek be Igorre edo Lemoara eroaten dabez euren maskotak eta.

Gure gizartea gero eta abegitsuagoa da maskotakaz eta hori maskotak onartuten dituen hoteletan igartzen da. Holan, Euskadin, 346 hotel dagoz gaur egun Turismo Sailean erregistrauta eta horreen % 28,61 pet friendly dira.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!