gorbeia

Gorbeia Bira Bike Tour ON ROAD aurkeztu da FITUR nazinoarteko turismo azokan

Asier Abrisketa 2024ko urt. 26a, 10:44

Gorbeiako Parke Naturala errepidez inguratzen dauan 88 kilometroko ibilbidea da, mendiko bizikletaz egiteko ibilbideagaz bat egiten dauana.

Gorbeia Helmuga Turistikoak ekimen barri bat aurkeztu dau asteon Madrilgo FITUR nazinoarteko turismo azokan: Gorbeia Bira Bike Tour ON ROAD. Gorbeiako Parke Naturala errepide bidez inguratzen dauan ibilbide zirkularra da, 88 kilometro eta 1.200 metroko desnibelekoa. Honek, oin dala urte bi aurkeztutako Gorbeia Bira Bike Tour mendiko bizikletan egiteko ibilbeagaz bat egiten dau.

Gorbeiara txirrindularitza turismoa hurreratzeko ekimenaren aurkezpeneak Gorbeialdeko Landa Garapenerako Elkarteko lehendakaria dan Olatz Urkiza Atutxak, Gorbeialdeko Kuadrillako presidente Agustin Otsoak eta Murgiako La Casa del Patrón hoteleko gerente Patxi Gonzalezek hartu eben parte. Bertan azaldu eben, Gorbeia Bira Bike Tour esperientziaren garapenak indartu egiten dauala Gorbeiaren nortasuna, "helmuga berde, arduratsu eta iraukor gisa". Holan, txirrindularitzea "hazkunde handieneko segmentu turistikoa" dala azaldu zan eta Gorbeia, helmuga aktibo eta natural moduan kokatu behar dala.

Ibilbidea

Gorbeia Bira Bike Tourren MTB zein ON ROAD ibilbideak Gorbeia Helmuga Turistikoaren webgunean ikusi eta deskargau daitekez. ON ROAD errepideko ibilbidea zailtasun ertainekoa da, zirkulazino-densidade baxuko errepideetatik doana eta urteko edozein sasoitan egiteko aproposa.

Ibilbidea erloju-orratzen noranzkoan egitea da aukeretako bat eta edozein puntutan hasi ahal bada be, hurrengoa da antolatzaileen proposamena. Murgian hasi eta Altuben gora egitea bertatik Orozkora bajatuteko. Inguru honek ibilbidearen behealdea marketzen dau, eta gero Bikotzgane mendateko igoerea. Txirrindulariek "paisaia berde eta lasaiaz" gozatuko dute Dimara igoera luze batean zehar hurbiltzen diran bitartean. Ibilbideak Otxandioraino jarraitzen dau, Bizkaia eta Arabaren arteko mugan dagoen uribildua, eta gero Legutiorantz doa. Atzen etapa Murgiara doa, Etxaguen, Zarate eta Manurgan gora eta behera.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!