Mendia

Aurkeztu dabe 'Gorbeia bira bike tour'-en ibilbidea

Asier Abrisketa 2022ko urt. 21a, 13:14

Gorbeia Jomuga Turistikoak FITURen aurkeztutako ibilbide zirkularrak 93 kilometrotan inguratzen dau parke naturala eta 2.400 metroko gorabeherea dauka.

Atzo, eguena, aurkeztu zan Madrileko nazinoarteko turismo azokan, FITURen, Gorbeiako Parke Naturalak eskainiko dauan produktu turistiko barria. Mendiko bizikletan egiteko ibilbide barri honek Gorbeiako Parke Naturala eta Gorbeia tontorra bera inguratzen dau. Tontorrera igoteko aukerea be emoten da, ibilbideari 9,8 kilometro eta 760 metroko gorabeherea gehituta.

“Gorbeia Bira Bike Tour” ekimenaren aurkezpena Agustin Otsoa Eribeko Landa Gorbeialdeko Kuadrillako Presidenteak eta Eider Ajuriagerra Arana ADR Gorbeialdeko Presidenteak egin dabe. Honeekaz batera egon dira Goyo Zurri, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria; Cristina González Clavar Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenerako diputadua; Juan Felipe García Miravalles, Arabako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Cristina Múgica Vargas Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasun eta Turismo zuzendari nagusia; eta Javier Gorbeña García, Zigoitiko alkatea. Bi eskualdeetako teknikariak be egon dira jardunaldian.

Parke naturala inguratzen

Ibilbide honek Gorbeiako tontorraren inguruak ezetuteko aukerea emoten dau, eskarmentuzko txirrindulariek egun bakarrean egin ahal izango dabe. Baina bi edo hiru egunetan egiteko dago pentsauta, sasoi fisikoaren arabera. Bidean gaua pasatzeko aterpetxe eta hotelak be gomendatzen dira. Otxandion hasi ezkero, bizikleta elektrikoa alkilatzeko aukerea dago.

Bira barri horren bidez, bisitariak interes naturaleko lekuetan gelditu ahal izango dira, Gorbeiako Parke Naturalean besteak beste. Eta ondare kulturala ezetu Areatza, Legutio edo Otxandioko urigune historikoetan. Urrunagako eta Albinako urtegi edo Albertiako, Altubeko, Izartzako eta Presazelaiko pagadiak ikusteko aukerea be emoten da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!