Hizkuntza eskubidea

Euskalgintzaren Kontseiluagaz bat egin dabe udal ordezkariek, Konstituzionalaren epaia salatzeko

Asier Abrisketa 2023ko uzt. 14a, 10:15

Udal ordezkariak eta euskalgintzako eragileak Bilboko Justizia Jauregi aurrean // Euskalgintzaren Kontseilua.

Alizia Iribarren Kontseiluko lehendakaria: "Uste dogu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dala, hizkuntza gitxituak jomugan dituan olatu erreakzionario batean kokatzen dala".

Atzo, hilak 13, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, euskerearen inguruko eragileak eta Euskal Herriko ehun udal ordezkaritik gora batu ziran Bilboko Justizia Jauregiaren ateetan. Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka egindako epaiaren kontra eta euskerearen normalizazinoaren alde egin eben protesta. Izan be, Konstituzionalak ondorioztau dau udaletxeetan euskeraz bakarrik jarduteak, "oreka linguistikoa" eta "toki erakundeetako kideen hizkuntza eskubideak urratzen" dituala. Pasau dan astean UEMA be urten zan protestara, oingoan, zabalagoa izan da udalen ordezkaritzea.

Eskualdeko udal ordezkariak be bertaratu ziran, alkate zein zinegotziak: Josu Basozabal (EAJ Areatza), Aitor Sorriketa alkatea (EAJ Bedia), Josu Gorospe (EAJ Dima), Esther Iturrioz alkatea (EAJ Lemoa), Olatz Urkiza alkatea (EAJ Igorre), Gorka Beitia (EAJ Artea), Peru Perez de Anuzita alkatea (EH Bildu Areatza), Eukeni Bikarregi (EH Bildu Lemoa), Alberto Sanchez (EH Bildu Bedia), Jose Mari Atutxa alkatea eta Mari Jose Barrenetxea (EH Bildu Dima), Arkaitz Estiballes (EH Bildu Zeanuri) eta Aritz Azkorbebeitia (Ubideko Herri Kandidatura).

Adierazpena Alizia Iribarren Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakariak irakurri eban. Adierazo eban, "kezagarria eta larria" dala sententzia: "Euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuari oztopoa ipintea dalako". Gehitu eban, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dauzala kolokan ipini dan Udal Legeak.

Epaiak, euskerea eta euskaldunak mespretxatzen dauzala esaten jarraitu eban Iribarrenek eta gainera, Eusko Legebiltzarrean zein gizarte mailan, "gehiengo zabal batek babesten dituala euskeraren normalizazinoa helburu daben politikak". Holan, eta epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dala sinistuta, azaroaren 4an Bilbon egingo dan manifetazinoan parte hartzeko deialdia egin zan.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!