Hogei urte honeetan, hazkundea ez da denpora guztian bardina izan, momentuko egoera ekonomikoagaz loturea izan dau-ta. Holan, inflexino puntu bat topau daiteke 2011n, (atzerritar jatorriko erroldatutako 1.133 biztanle egozan gure eremuan), ze ordurarte gorantza egin baeban kopuruak, orduan eta 2014ra arte (1.052), apur bat jeitsiko zan, eta hortik aurrera, barriro be gora egin dau. Bilakaera hau, Euskal Herriko ekonomiagaz lotuta dago; izan be, immigranteak gurera etorten dira guk konpondu ezin doguzan premina batzuk asetzera eta ekonomia krisian dagoan momentuetan, gitxiago etorten dira gurera lanera. Urte hareetan krisia bizi izan zan, batez be industria sektorean.
Gure eskualdean, Errumaniatik etorritakoak dira kopuru absolutuetan gehienak, 295; baina ez dira hazkunde handiena izan dabenak (258). Marokoar jatorrikoak dira hazkunde absolutu handiena daukienak (262). Errumaniar jatorrikoek hasikeran hazkunde handia izan eben eta gorena 2010ean jo eben; 390 lagun egozan erroldatuta Arratia, Ubide eta Zeberion orduan. Aztertuten gabizan epe osoan jatorri horretakoek gurean ugarienak izaten jarraitu arren, kopuruak behera egin dau eta gaur egun 295 dira. Marokotik etorritakoak (284) dira kopuru aldetik bigarrenak gure eskualdean eta hazkunde handiena (262) izan dabenak. Hasikeratik ia eten barik hazten joan ziran arren, 2018tik aurrera izan dabe hazkunderik handiena; hau da, Marokoar jatorriko erroldatutako biztanleria da gehien hazten doana. Euskal Herrian, jentetsuena da. Migrazino hau azalduko leukiezan faktoreak, besteak beste, Marokon aukera ekonomiko urriak eta ezegonkortasun politikoa izan daitekez, baita geografikoki urrun ez egotea be. Biztanleria honek loturea izan dau arrantza eta nekazaritzeagaz batez be, baina atzen urteotan, merkataritzea, ostalaritzea edo garbiketea lango sektoreetan be egiten dabe behar askok.
Hego Euskal Herrian legez, gurean be Kolonbia da atzerritar jatorriko erroldatutako persona (126) gehien dituen hirugarren herrialdea. Hurretik joako Bolivia (121). Kolonbiar jatorriko biztanleria hazten joan da hogei urteotan, 2014tik 2018ra izan ezik, urte horreetan egonkor egon zan-eta erroldatuen kopurua. Bitxia da Boliviatik etorritakoen bilakaerea. Lehenengo urteetan, errumaniarren atzean, Boliviar jatorrikoa zan bigarren jentetsuena. Izan be, Boliviakoen kopurua asko hazi zan lehenengo urteetan eta 2007an, jo eban gorena 169 lagunegaz. Gero apurka-apurka behera egin dau eta oin laugarren dago.
Latinoamerikako immigrazinoa feminizaua da. Hasikeran andrak etorri ziran, zaintza lanetan jarduteko eta gero ekarri dabe familia. Aztertutako lehenengo urteetan Arratia, Ubide eta Zeberiora etorritakoen seme-alaba batzuk, migratzaileen bigarren belaunaldia, hemen hazi dira eta bertakoak dira. Xabier Aierdi soziologoak gogora ekarri legez, ordukoa askoz jentetsuagoa izan zan arren (EAEko gizartea ia bikoztu egin zan) holan gertatu zan be, oin dala 60 urte Espainiatik etorritako immigrazinoagaz. “Espainiako immigranteak etorri ziran hona, bertan kokatu ziran, eta gaur egun dagozan seme-alabak orduan etorri ziranen ondorengoak dira”. Oin be, jatorri desbardinez osotutako gizarte barri bat sortu dala eta desbardintasunak errespetauz eta interakzinoa bultzatuz, gure erronkea uritartasun praktikoa bultzatzea dala dino soziologoak.