Pelotea

Euro1Wall Tourreko Herbeheretako opena irabazi dau Lur Ziarrustak

Asier Abrisketa 2023ko urt. 30a, 11:39
Dimakoa etxeko Tjisse Steenstraren kontra lehiatu zan finalean Ziarrusta eta dimoztarrak irabazi eban, 21-14ko set bi irabazita.

Mikel Aurrekoetxea eta Mikel Beldarrain ostera final-laurdenetan gelditu ziran. Irudi kuriosoena domekan heldu zan, Herbeheretako andrek Euskal Selekzinoaren kamiseteagaz irabazi eben binakako txapelketea.

Euro1Wall Tourreko Herbeheretako opena jokatu da astegoienean eta Euskal Herria ordezkatuten egon diran lau jokalarietatik, hiru izan dira arratiarrak: Lur Ziarrusta dimoztarra, Mikel Aurrekoetxea lemoaztarra eta Mikel Beldarrain arteaztarra. Laugarrena, Abadiñoko Aitor Arabiourrutia izan da. Zapatuan banakako txapelketak jokatu ziran eta Ziarrusta A taldeko irabazlea izan zan. Beldarrain be lehiatu zan A taldean eta final-laurdenetara heldu zan, Aurrekoetxeak B taldean egin moduan. Domekan barriz, binakakoak jokatu ziran baina Ziarrustak azaldu dauanez, aurreko egunetik kantsauta egoazan eta ligaxka fasean geratu ziran.

Zapatuan jokatutako banakako txapelketetan, Aurrekoetxeak zein Arabiourrutia abadiñarrak B taldeko ligaxka faseko hiru partiduak irabazita egin eben aurrera. Final-zortzirenak be irabazi ostean, final-laurdena alkarren kontra jokatu eben baina Aurrekoetxeak ezin izan eban Abadiñokoa garaitu, 21-19 amaitu zan partidua. A taldean barriz, Ziarrusta eta Beldarrain egon ziran eta ligaxka fasea eta finalaurreko kanporaketak gainditu ostean Dimakoa etxeko Tjisse Steenstraren kontra lehiatu zan finalean; txapela dimoztarrak irabazi eban, 21-14ko set bi irabazita. Beldarrain ostera, Loic Clemente belgikarrak garaitu eban final laurdenetan 21-13.

Hurrengo egunean, bikoteka lehiatu ziran lau euskaldunak, A taldean; Ziarrusta eta Beldarrain batetik eta bestetik, Aurrekoetxea eta Arabiourrutia. Dimoztarrak BEGITUri azaldu deutsanez, "bezperako egurra igarri zan eta suerterik ez". Halanda be, irudi kuriosoa ikusi zan domekan be, andren arteko finalean. Izan be Marrit Zeinstra eta Anne Monfils herbeheretarrek euskal selekzinoaren kamiseteagaz jokatu eta irabazi eben finala.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!