Herri guztiak hazi dira Ubide izan ezik. Biztanle kopuruari jagokonean, gehien hazi dana Lemoa da, 2021ean, 2001ean baino 839 lagun gehiago bizi ziran eta 2.692 biztanletik 3.531ra pasau ziran, %31ko hazkundeagaz. Ehunekoetan baina, gehien hazi dana Arantzazu izan da %43ko hazkundea izan dau-eta; 2001ean, 291 lagun bizi ziran Arantzazun eta hogei urte beranduago 417.
Arantzazu eta Lemoaz gainera, ehunekotan, Hego Euskal Herriko batez besteko hazkundea baino handiagoa izan dabe Dimak (%30), Areatzak (%20), Arteak (%17), Bediak (%10) eta Igorrek (%10). Zeanuri barriz, %1 hazi da eta Ubiden, oin dala 20 urte baino biztanle bat gitxiago dago egun.
Joerea denpora guztian gorakoa izan bada be, hazkunderik handiena, 2007 eta 2013 bitartean gertatu zan.
Ez gara hainbeste zahartu
Hego Euskal Herrian, azken urteotan gizartea nabarmen zahartu da, eta 60 urtetik gorako persona gehiago dagoz oin. Holan, 2001ean edade horretako jenteak gizartearen %24,06 osotuten eban bitartean, 2021ean %30,23 izatera pasau zan. Eskualdeko datuei begiratuta barriz, 2001ean biztanleen %27,3 zan 60 urtetik gorakoa, Hego Euskal Herrian baino hiru puntu gehiago, eta 2021ean, %28,1. Beraz, hogei urte honeetan, Arratian edadeko jentearen pisua ehunekoetan hazi egin dan arren (%0,8), oin, Hego Euskal Herriko gizartea zaharragoa da Arratiakoa baino.
Ehunekoetan, gazteen taldea, 20 urte baino gitxiagokoek osotuten dabena da gehien hazi dan taldea, %15,9tik %19,3ra pasauz. Hogei eta berrogeta hamar urte arteko taldeak barriz, apur bat behera egin dau ehunekoetan, nahiz eta lagun gehiago izan. Izan be, 2001ean, Arratian, 20 eta 59 urte bitarteko 6.824 lagun bizi ziran, gizartearen %56,7, eta 2021ean, 7.433 biztanle, %52,6.
Jaiotzak eta heriotzak
Gorabehera handiak euki dabez jaiotzak gurean. 2021ean, 103 ume jaio ziran, 2001ean baino gitxiago (108), biztanleria handiagoa izan arren. Ha-ta guzti be, 2010 eta 2013ren artean, boom txiki bat egon zan: 2010ean, 175 ume jaio ziran; 2011n, 177; 2012an, 169 eta 2013an, 164. Biztanleria, 13.700etik 13.933ra igon zan.
Heriotzei jagokienean, 2001ean, 119 izan ziran. Heriotz zenbakirik altuenak, 2020 eta 2021ean izan ziran, 158 eta 157, hurrengoz hurrengo, baina 2003an eta 2005ean be zenbaki altuak dagoz; 153 eta 146 hain zuzen be, eta orduko populazinoagaz alderatuta atzen urte biotakoak baino txarragoak dira.
Hogei urte honeetako demografiako bilakaeran, personen mobimentuek be eragin handia izan dabe eta duda barik azalduko dabe zergaitik oin dala 20 urte, Hego Euskal Herria batez beste baino gizarte zaharrago batetik, batez bestekoa baino gazteagoa izatera pasau dan Arratia.