Literatura

Hiru sari banatu dira Berbalagunek antolatutako mikroipuin lehiaketan

Asier Abrisketa 2022ko urt. 26a, 11:26

Maite Artabe, Manex Bernales eta Edurne Villanuevaren lanak izan dira 27 ipuinen artean saritutakoak.

Arratiako Berbalagun dinamikeak antolatutako txapelketara 50 eta 100 berba arteko 27 ipuin aurkeztu dira guztira, lehiaketa arrakastatsua izan da antolatzaileen ustetan. Hainbeste lanen artean gatx egin jakie bakar bat saritutea, hori dala eta, hiru idazle saritu ditue atzenean.

Honeek izan dira saritutako ipuinak:

  • Arantxaren proiektua Maite Artabe

Arantxaren bizi-proiektua herentziazko Otxandioko etxean emakume artisten elkargunea egitea da.

Dena dauka pentsatuta eta emakume ta artista-taldeei ezezik instituzioei ere aurkeztu die. Ederra dela proiektua, beharrezkoa ere izan daitekeela, ahalduntzerako egokia… baina ez du burutzeko beste laguntza eta babesik lortu.

Baina ez du sekula etsi eta irabazi du azkenean bere saria: Amets birrinduen lehiaketan 1goa eman diote milaka emakumek aurkeztutako beste hainbat amets birrinduren artean.

  • Blaitu euskaraz! Manex Bernales

Bazen behin, Malagatik etorritako Julia izeneko neskatoa. Julia, baina, oso triste zegoen lagunik ez zuelako, euskara ez zekielako eta Euskal Herrian euria eta euria egiten zuelako.

Lagunak ez izatearen arazoa eskolara joatean konpondu bazuen ere, kostata ulertzen zien eta askotan isilik eta triste geratzen zen eskolako patioko bazter batean, askotan euria barra-barra ari zuelarik.

Egun batean, euritako etxean ahaztu eta euripean, euri tanta bakoitzak euskaraz hitz bat xuxurlatzen ziola konturatu zen Julia. Urez blaituta eta,…euskaraz blaituta heldu zen Julia eskolara! Akabo tristura! Gora lagunak, gora euskara, gora euria! Gora bihotzak! Eta hala bazan ala ez bazan…

  • (Izenburu bakoa) Edurne Villanueva

Duela urte asko, herri txiki batean neska txikiak bizi ziren, etxea mendian zegoen eta egunero herrira joaten ziren esnea saltzera. Kantinak astoan eramaten zituzten. Esnea saldu ondoren eskolara joaten ziren. Egun batean etxera itzuli zirenean jolasten geratu ziren eta berandu egin zitzaien. Bidea ilun zegoen eta bapatean hegazkinez itzala mendian zehar kobazuloan sartu zen, beldur askorekin korrika etxera joan ziren, bere amari kontatu zioten ikusi zutela eta bere amak esan zien: ez eduki beldurrik, Anbotoko andrea ikusi duzue!

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!