UDAZKEN KULTURALA

Zeberioko Udazken Kulturaleko ekintza bi asteon

Ager Barragan

Oihana Bartra bertsolaria

Zemendia bizi-bizi dabil Zeberion eta udagoieneko lehenengo hotzei arpegi onagaz erantzuteko helburuagaz Udazken Kulturaleko jarduerak aurrera jarraituten dabe.

Udalak, Gure Indarra alkarteagaz eta Austarri kultur eta mendi taldeakaz batera antolatu dau egitarau berezia. Hilaren 6an hasi zan eta hileko atzen domekara arte, hilak 29, hamabi jarduera desbardin egiten dabiz herrian: kontzertuak, jantzak, mendi urtekerea, baba jana, proiekzinoa, berbaldiak, antzerkiak, bertsoak eta amaituteko, merkadua. Lehenengo hamabostaldikoak pasauta, honeek dira asteon antolatuta dagozan ekintza biak. 

Lehenengoa bihar, hilak 18, izango da eta Plazako Ermita Zaharrean  arrastiko 18:00etatik aurrera Los derechos de las personas mayores berbaldia entzuteko aukerea eukiko dabe hurbiltan diranek. Barikuan, hilaren 20an, egingo dabe bigarren jarduerea. Astegoienari ondoetorria emoteko plazan bertso-poteoa egingo dabe arrastiko 19:00etatik aurrera Oihana Bartra eta Igor Elortza bertsolariakaz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!