UDAZKEN KULTURALA

Zeberioko Udazken Kulturala aurrera doa

Ager Barragan

Zeberion, udagoieneko lehenengo hotzei arpegi onagaz erantzuteko helburuagaz, Udalak, Gure Indarra alkarteagaz eta Austarri kultur eta mendi taldeakaz batera antolatu dau egitarau berezia.

Hilaren 6an hasi zan eta  hileko atzen domekara arte, hilak 29, hamabi jarduera desbardin antolatu dira herrian: kontzertuak, jantzak, mendi urtekerea, baba-jana, proiekzinoa, berbaldiak, antzerkiak, bertsoak eta amaituteko, merkadua.

Astegoien honetarako jarduera bi dagoz antolatuta:

· Gaur, hilak 13, Zaintzaren dantza librea antzerkia ikusteko aukerea egongo da 17:30ean Plazako Ermita Zaharrean. Zaintzaren dantza librea Lari Produkzioak eta Eidabe konpainiek sortutako umeentzako antzerkia eta musikea buztartuten dauzan ikuskizuna da. Antzezlanak zaintzearen inguruko galderak planteetan ditu, euren artean zelan ikasten dogun gure burua zaintzean eta nork daroan gizartean zaintzearen pisua. 

· Bihar, hilak 14, goizean-goiz hasiko dabe eguna. 08:00etan mendi urtekerea egingo dabe Maiaga-Atxbiribiletik eta ostean baba-jana egongo da. Arrastian barriz, Go!azen telesailaren denporaldi barriko lehenengo kapitulua ikusteko aukerea eukiko dabe herriko gaztetxoenek 18:00etan Plazako Ermita Zaharrean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!