MENDI MARTXEA

Zeberio Harana Mendi Martxa aprilaren 25ean egingo da

Erredakzinoa 2026ko martxoaren 16a

Aprilaren 25ean egingo da Zeberio Harana Mendi Martxaren 2026ko edizinoa. Austarri Mendi Klubak antolatzen dau ibilaldia, eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria da.

Parte-hartzaileek hiru ibilbide izango dabez aukeran. Ibilbide luzeak 43 kilometro izango ditu eta 2.400 metroko desnibela, eta goizeko 07:00retan hasiko da. Zeberiotik urten eta hainbat menditatik pasauko dira parte-hartzaileak: Piku Bikotx, Garaigorta, Aibelabe, Arrugaeta, Untzueta, Artanda, Upo, Tontorrandi, Mandoia eta Argiñaoko Atxa, barriro herrira bueltetako.

Ibilbide ertainak 25 kilometro eta 1.300 metroko desnibela izango ditu, eta 09:00etan hasiko da. Zeberiotik urten eta Mintegi, Upo, San Segismundo, Tontorrandi, Mandoia eta Argiñaoko Atxa ingurutik igaroko da. Ibilbide laburrak, barriz, 15 kilometro eta 600 metroko desnibela izango dau, eta 10:00etan hasiko da. Kasu honetan ibilbideak Zeberiogana, Mandoia eta Argiñaoko Atxa zeharkatuko ditu.

Izen-ematea aprilaren 21era arte egin daiteke www.zirkuitua.com webgunean. Egunean bertan be egongo da izena emoteko aukerea, aurretik 400 parte-hartzaileko muga bete ez bada. Prezioa 15 eurokoa da federauentzat eta 18 eurokoa federau bakoentzat.

Antolatzaileek jakinarazo dabenez, parte-hartzaileek ibilbidean zehar jarriko diran kontrol-postu guztietatik igaro beharko dabe. Ibilaldian zehar jan-edana egongo da, eta amaieran parte-hartzaile guztiek opari bana jasoko dabe. Gainera, martxa amaitzean dutxa zerbitzua egongo da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!