Bilboko Eleizbarrutia ermita eta eleizen ondarea batzean dituan Monumentuen Katalogoa egiten dabil eta ikertzaileek Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas eleizan dokumentazino lanak egin bitartean egin eben aurkikuntzea. Bizkaiko plano arkitektoniko zaharrenak izan daitekezanak topau dabez, Eleiz Museoaren Alkarren aldizkarian jakitera emon danez. Tenplurako ganga eredu desbardinen diseinuak dira marrazkiok, horma batean eginda.
Bi harginek egin ebezan diseinuak oin 450 urte inguru eta Bizkaiko zaharrenak dira, "seguru antzean Euskal Herrikoak be", aldizkarian esaten danez. Agirietan "sakristia zahar" moduan izentatzen dan eleizari lotutako gelatxoko horman egin da aurkikuntzea. Ikertzaileen ustez, bi harginek eleizako ganga egiteko proposamenak bertan margoztu ebezan, erakinaren arduradunek bietako baten artean ebatzi egien. Izan be, euretako baten eredua jarraituta dago eginda gaur ikusi daitekean ganga.


Arratiako monumentuak, hurrengoak
Monumentuen Katalogoan, momentuz, Nerbioi Garaiko ermita, eleiza eta bestelako tenpluen dokumentazinoa egin da, Zeberiokoak tartean. Honeen elementu arkitektoniko eta erlijiosoen argazki eta zehaztapen guztiak batzean diralarik. Alkarren aldizkariko artikuluan aitatuten danez, Arratiako eraikin erlijiosoen katalogoa gehituko da hurrengoa. Holan, posiblea da laster BEGITUn holango aurkikuntzen barri be emotea.