Zeberio eta Zaratamok alkarbanatuten daben Upoko San Segismundo ermitan, "Samarkondios" moduan be ezaguna, jaiak ospatuko dira oingo astegoienean. Zapatuan, hilak 19, ospakizun erlijiosoa egingo da 12:00etan. Domekan barriz, hilak 20, eguerdian hasi eta iluntzera arte luzatuko dan jaia egingo dabe zeberioztar eta zaratamarrek. Egun bietan ipiniko da txosnea, zapatuan goizez bakarrik eta domekan egun osoan zehar. Domekako jarduera nagusia herri bien arteko mugarrien ekitaldia izango da, non txuzoak ipiniko diran; gainera, sokatira desafioa be jokatuko da.
Ermita berezia da San Segismundo, ez bakarrik herri bik alkarbanatuten dabelako, urteotan istorio asko batu diralako baizik. Oin 89 urte berbarako, 1936ko garagarrilaren 18an San Segismundoko erromerian jantzan ebizan bitartean izan eben zeberioztar eta zaratamarrek militar faxisten altxamenduaren barri. Gero etorriko zanaren lekuko, San Segismundoren atzekaldean Burdin Hesiaren parte zan ametralladora habia bat dago.
Horrezaz gainear, Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II liburuan Juan Manuel Etxebarria Ayestak kontetan dau totelka berba egiten eben umeak eroaten ebezala San Segismundora, bedeinkatu eta toteltasuna osatuteko.
Egitaraua:
Garagarrilak 19, zapatua
- 12:00etan, mezea ermitan.
Garagarrilak 20, domekea
- 12:00etan, trikitilariak.
- 12:30ean, kanpainako mezea.
- 13:00etan, mugarrien ekitaldia.
- 17:00etan, umeentzako herri kirolak.
- 18: 00etan, sokatira desafioa: Zaratamo vs. Zeberio.