Feroskana Parke Eolikoa izenagaz, Zeberioko lurretan, 4,7 MWko bost aerosorgailu eta Bediako lurretan bat ipintea aurreikusten dau Ferosca Wind (Delta Power) enpreseak aurkeztutako proiektuak. Eskualdean inpaktu handiena eukiko leuken proiektua da, baina ez bakarra; izan be, Plaury Energyk Kastillo parke eolikoaren proiektua dauka, Ubide, Legutio eta Otxandioko lurretan. Aurten ebatziko da Mandoiako mendilerroan aerosorgailuak eregiko diran ala ez eta oin, proiektuari zuzenketa eta alegazinoak egiteko epea dago zabalik.
Zeberioko Udalak proiektuaren aurkako alegazinoak aurkeztuko ditu eta aurretik, herritarrakaz proiektuaren inguruko informazinoa alkarbanatu eta zein alegazino aurkeztuko diran azaldu nahi ditu. Holan, Feroskana Parke Eolikoaren gaineko bigarren batzarra deitu dau maiatzaren 30erako, barikua, Hogarrean 18:00etan. Bertan, Nerea Garaio Ezkisabel mendi-ingeniari eta Aialur enpresako teknikaria be egongo da, holako makroproiektuek zelango eragina daukien azalduteko asmoagaz.
Protestak domekan
Austarri, Arginatx, Ganzabal eta Burtotza mendi taldeek eta Makatzak Arratiako Ekologistak-ek antolatuta, domekea, bagilak 1, Feroskana Parke Eolikoaren aurkako burruka eguna izango da. Izan be, protesta martxak antolatu ditue Mandoiara. Goizeko 09:00etan, Arantzazuko plazatik, Zeberioko Ermitabarritik eta Usansoloko Unkina plazatik urtengo dira martxak eta 12:00etan danek egingo dabe bat Mandoiako tontorrean.