ANTZERKIA

"Ai gure juaneteak" antzezlana Zeberion

Erredakzinoa 2024ko abe. 25a, 12:59

Abenduaren 27an, 19:00etan, Gabonetako programazinoaren barruan, Tartean Teatro konpainiako Patxo Telleriak, Ai gure juaneteak! ikuskizuna eskainiko dau Hogarrean.

Ai gure juaneteak! ikuskari eszeniko hibridoa da, berbek eta musikeak osotutakoa. Taula gainean aktore-musikari bat eta musikari-aktore bi. Berbearen eremua aktorearena da, esatariarena. Baina aktorea be musikari bihurtzen da tarteka. Musikearen eremua musikariena da. Baina musikariak be ikuskizunaren partea dira, eta honenbestez, aktoreak.

Testua, Laboaren hainbat kantaren letren berrinterpretazinoa da, gaur egungo ikuspuntutik. Hegazti errariak, Izarren hautsa, Bedeinkatua, Negu hurbila, Lili bat, Oi Pello Pello, Haika mutil, Baga biga higa eta Ihes betea kantuen berbak dira testuaren oinarria. "Hamarkadak pasau dira kanta horreek konposatu ziranetik eta ez dabe galdu orduko indarra eta zirrarea. Eta horrexegaitik, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia diralako, izan dot kantok berregituratzeko eta berkodifikatzeko ausardia. Gureak diralako. Nireak diralako" dino Telleria aktore eta lan honen egileak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!