Zeberioko Udalak "gardentasuna eta zeberioztar guztien parte-hartzea sustatu" gura dau 2025erako Udal Aurrekontuen prestaketa prozesuan. Aurrekontuetan partida finkoak dagoz betiko gastuei aurre egiteko baina beste partida batzuk herritarrakaz egingo diran batzarretan ebatziko dira. Batzarrotan, batetik "auzoentzako ardura daben gaiak" landuko dira eta bestetik, norbanako edo alkarteek proposatu ahal dabezan egitasmo edo proiektu "txiki zein handiak".
Abenduan zehar, hiru auzo batzar egingo dira, danak be 18:30ean. Lehenengoa datorren astelehenean, hilak 9, izango da Santa Kurtzeko ermitan; bigarrena abenduaren 11n egingo da Ermitabarriko Taberna Zaharrean eta atzena, abenduaren 16an Plazako ermitan, Hogarrean. Honeen ostean, laugarren batzar bat antolatuko da, auzo batzarretako ondorioak aurkezteko helburuagaz.