mendia

Zeberio Harana mendi martxarako izen-emotea zabalik dago aprilaren 15era arte

Bea Azpiri 2024ko mar. 20a, 10:41

Hiru ibilbide dagoz aukeran; luzea, 43 kilometro eta 2.400 metroko desnibelekoa; ertaina, 25 kilometro eta 1.300 metroko desnibela eta laburra, 15 kilometro eta 600 metroko desnibela.

Aprilaren 20an egingo dan Zeberio Harana mendi martxarako izen-emotea zabalik dago aprilaren 15era arte, www.zirkuitua.com webgunean. Hiru ibilbide dagoz aukeran; luzeak, 43 kilometro eta 2.400 metroko desnibela dauka; ertainak 25 kilometro eta 1.300 metroko desnibela eta laburrak 15 kilometro eta 600 metroko desnibela. Martxea Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan dago eta ez dauka norgehiagoka izakerarik. Egunean zehar plazan, puzgarriak eta musikea egongo dira.

Martxea urte birik behin antolatuten dau Austarri Mendi Taldeak. Aurtengoa laugarren edizinoa da, 2016an hasi ziran eta 2020an, pandemia zala-ta, ez zan egin. “Lehenengo urteetan, martxa bakarra egin zan eta luzeagoa. Oin 43 kilometro izango dira baina hasikeran 48 edo 50 kilometro ziran” azaldu deutsie begituri antolakuntzatik.

Ibilbideak eta ordutegiak

Martxa luzeko partaideak, 07:00etan abiatuko dira Zubialdeko plazatik. Handik Piku Bikotxera (616 m) joango dira partaideak eta Garaigorta (662 m), Aibelabe (638 m), Arrugaeta (669 m), Untzueta (770 m), Artanda (550m), Upo (573m), Tontorrandi (522 m), Mandoia (638m) eta Argiñaoko Atxtika (524 m) pasau ostean, barriro Zubialdeko plazan amaituko dabe martxa luzea. Ibilbide hori egiteko gehieneko iraupena 11 ordukoa da eta gitxienekoa 6 ordukoa.

Gehienez 7 ordu ditue martxalariek, martxa ertaina egiteko. 09:00etan urtengo dira Zubialdetik eta, Zubialde (125 m), Mintegi (272m), Upo (573 m), San Segismundo (407 m), Tontorrandi (522 m), Mandoia (638 m) eta Argiñaoko Atxako (524 m) ibilbidea egingo dabe plazan amaitu aurretik.

Hamabost kilometroko martxearen ibilbidea barriz, Zubialde (125 m), Mandoia (638 m), Argiñaoko Atxa (524 m) eta Zubilde izango da. Ibiltariak 10:00etan urtengo dira eta 5 ordu ditue ibilbidea egiteko.

Jana eta edan guneak, Adaro, Kortatxi, Upo, Argiñao eta helmugan egongo dira. Zubialdeko frontoian dutxa hartu ahal izango da eta kanpotik datozenentzat, eskola barrian lo egiteko lekua egongo da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!