Aprilaren 1ean Zeberioko Gazte Eguna ospatuko dabe zeberioztarrek, Zeberioko Gazte Elkarteak antolatutako jaialdian. Ez da herrian ospatuten dan lehen Gazte Eguna, baina bai gazte elkarteak antolatutako lehena. Bertso bazkariagaz hasi, arrastian poteau eta gauez, zuzeneko musikeagaz gozatzeko aukerea egongo da.
Bertso bazkarian Xabi Igoa, Ane Zuazubiskar, Maider Altuna eta Peru Abarrategik kantauko dabe, atzen hau 2022ko Arabako bertsolari txapelduna da. Daborduko amaituta dagoz sarrera guztiak. Bazkaria amaituta, 19:00ak aldera, baflea hartu eta poteoan urtengo dira herriko tabernetatik.
Gero, 22:00etatik aurrera hasiko da zuzeneko musikea. Very Txarrak, Ostrich Wedding eta Mumia taldeak izango dira oholtzara igongo diranak. Lehenak, Berri Txarrak taldearen bersinoak joten ditu; bigarrenak, "rock'n roll zirikatzailea" euren esanetan eta Mumia barriz, stoner kutsua daukan hard rock-a egiten dauan taldea da. Gero, DJ La Trakak segiduko dau gaueko alaituteko musikea ipinten.