ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, eskola publikoko beharginek greba egun bi egin ditue, zemendiaren 30ean eta gaur, abenduak 14. Hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra egin eta hezkuntza publikoa aldarrikatu dabe sindikatuek, bai eta Arratia zein Zeberioko ikastetxeetako langileriaren gehiengoak be. Lehen jardunaldian, grebak %69,9ko jarraipena izan eban eta bigarrenean, apur bat gitxiago, %64 inguru.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako jarraipenaren inguruan, Eusko Jaurlaritzeak ikastetxeen %38aren datuakaz dino, langileen %38,9ak egin dauala greba. Arratia eta Zeberion baino %25 gitxiago.
Artea eta Zeberioko eskoletako beharginak izan dira greba gehien babestu dabenak, %100ean. Diman be, lehen egunean danek egin eben greba eta gaur, bat bakarrik aurkeztu da lanera. Desbardintasun handiena, Zeanurikoa izan da. Lehenengoan %85ak babestu eban deialdia, gaurkoan %46ak.
Igorre, Lemoa eta Areatzako ikastetxeetan ostera, deialdien jarraipena %50aren bueltan egon da egun bietan, baina gaur, gehiago izan dira grebalariak, Areatzan izan ezik. Arratia BHIren kasuan, zemendiaren 30ean %37ak egin eban greba eta gaur, “aurrekoan baino gehiago” faltau izan dira, Galder Olibares irakaslearen esanetan.
Legea aurreproiektua da oindino, baina Arratia eta Zeberioko irakasle gehienak sano kezkatuta dagoz sakoneko aldaketarik egin ezean, Hezkuntza legeak hezkuntza publikoari kalte egingo deutsalakoan, itunpeko ikastetxeen mesedetan. “Jokin Bildarratzek dino hau zirriborroa dala, baina badakigu zer pasauko dan” inotsan BEGITUri irakasle batek.
Legebiltzar eta ikastetxeen arteko desadostasuna
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, egun tristea zala esan eban zemendiaren 30eko greba eguna baloretako orduan. Gogora ekarri eban, aprilaren 7an aurreproiektuak legebiltzarkideen %90aren adostasuna lortu ebala. Bere esanetan, lan egiteko aukerak dagoz eta berak eskaintzen dau “alkarrizketea, akordioa eta alkarren artean ulertzea”. Greba deialdia kritikau eban konbokau zalako aurreproiektuak jentearen eretxia jasoteko aukerea eukanean eta “oindino jakin barik zein izango dan behin betiko testua”.
Hamar aldarrikapen
- Publikoa ardatz izango dauan Hezkuntza legea
- Segregazinoari aurre egin eta gizarte kohesinoa bermatuko dauana
- Publifikazino-marko eta araudi orokor eta adostua izango dauana
- Hezkuntza lege propioa
- Inbersino eta baliabide nahikoa izango dituan Hezkuntza legea
- Euskerea erdigunean ipiniko dauana
- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituana
- Hezkuntza sistemea osotuten daben langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituana
- Merkaduen interesen gidaritzatik eta enpresa pribaduen negozio esparrutik kanpo egongo dana
- Hezkuntza lege parte-hartzailea, langileak aintzat hartuko dituana.