Hezkuntza

Arratia eta Zeberioko ikastetxe publikoetako irakasleen %69,6k egin eben greba atzo

Bea Azpiri 2022ko abe. 1a, 12:09
Irakasleek atzo Bilbon egindako manifestazinoa // ELA sindikatua.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, eskola publikoko beharginek greba egin eben atzo, Hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra eta hezkuntza publikoaren alde agertzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, langileen %60k egin eben greba sindikatuen arabera eta %35,2 Jaurlaritzearen arabera. Arratiako ikastetxe publikoetan, bataz beste, irakasleen %69,6k egin eben greba baina desbardintasun handiak egon ziran eskolen artean.

Holan, Artean, Diman eta Zeberioko eskola publikoetan irakasle guztiek egin eben greba, %100ek; Arratia Institutuan barriz, irakasleen %37 inguruk. Igorreko eskolan, irakasleen %42k eta sukaldeko beharginen %20k erantzun eutsien deialdiari; Lemoakoan, irakasleen %43k eta sukaldeko behargin guztiek. Areatzako eskolan irakasleen erdiek egin eben greba eta Zeanurin %85ek.

Aurreproiektua izan arren, Arratia eta Zeberioko irakasle gehienak sano kezkatuta dagoz sakoneko aldaketarik egin ezean, Hezkuntza legeak hezkuntza publikoari kalte egingo deutsalakoan, itunpeko ikastetxeen mesedetan. “Abenduaren 14rako beste deialdi bat dago eta ea jarraipen handiagoa daukan! Jokin Bildarratzek dino hau zirriborroa dala, baina badakigu zer pasauko dan” inotsan BEGITUri irakasle batek.

Aldarrikapenak

Grebaz gainera, manifestazinoa egin zan Donostian, Bilbon eta Gasteizen, hamar aldarrikapen eginez: publikoa ardatz izango dauan Hezkuntza legea; segregazinoari aurre egin eta gizarte kohesinoa bermatuko dauana; publifikazino-marko eta araudi orokor eta adostua izango dauana; Hezkuntza lege propioa; inbersino eta baliabide nahikoa izango dituan Hezkuntza legea; euskerea erdigunean ipiniko dauana; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituana; hezkuntza sistemea osotuten daben langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituana; merkaduen interesen gidaritzatik eta enpresa pribaduen negozio esparrutik kanpo egongo dana eta Hezkuntza lege parte-hartzailea, langileak aintzat hartuko dituana. 

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, egun tristea zala esan eban prensa aurrean egindako balorazinoan, eta gogora ekarri eban aprilaren 7an, aurreproiektuak, Legebiltzarrean %90aren adostasuna lortu ebala. Bere esanetan, lan egiteko aukerak dagoz eta berak eskaintzen dau “alkarrizketea, akordioa eta alkarren artean ulertzea”. Greba deialdia kritikau eban konbokau zalako aurreproiektuak jentearen eretxia jasoteko aukerea eukanean eta “oindino jakin barik zein izango dan behin betiko testua”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!