taekwondo

Mundu mailako zidarra lortu dau Andoni Cintado zeberioztarrak

Asier Abrisketa 2022ko aza. 16a, 16:48
Argazkia: R.F. E. Taekwondo

Guadalajaran (Mexiko) jokatu dan Munduko Taekwondo Txapelketan lortu dau markea, 80 kilotik azpiko mailan.

Jon Andoni Cintado zeberioztarra Mexikon jokatutako taekwondo mundialean izan da asteon. 80 kilotik azpiko kategorian, munduko hogeta hirugarren postuan heldu eta sorpresa itzela emon dau, bertatik munduko bigarren onena lez urtenda. Finalean Park korearraren kontra galdu eban baina egun berean, lau burrukaldi irabazi ebazan, zidarrezko domina lortuta.

Burruka guztiak egin ebezan astelehenean, hilak 14. Hasteko, Julio Ferreira portugaldarraren aurka lehiatu eta bardindu ostean, hirugarren burrukaldian lortu eban garaipena. Gero, atzen urteko txapeldunordea, El-Sharati jordaniarra, garaitu eban 2-1. Hurrengo burrukea errazago irabazi eban, 2-0, Apostolos Telikostoglou greziarraren aurka, finalaurrekora pasea lortuta. Brontzea eskuan, Eissa egipziarra izan eban aurrez-aurre eta galtzean hasita be, emoitzeari bueltea emon eta 2-1 gailendu zan. Holan, finalean ezin izan eban Park garaitu baina txapeldunorde modura amaitu eban Cintadok jardunaldia.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!