Zeberion martxan dagoz aurtengo sandonietarako X. Kartel Lehiaketea eta X. Umeen Kartel Lehiaketea. Lanok abuztuaren 5era arte entregatzeko aukerea emon eben Udalak eta jai batzordeak hasikera batean, baina epe-mugea aurreratu dabe hilaren 28ra. Kartelak udaletxean aurkeztu daitekez, euskarri digital zein fisikoan, 50x60 zentimetroko tamainukoak. Persona bakotxak, gehienez kartel bi aurkeztu ahalko dauz eta A3 tamainuko orriaren beheko herena hutsik egon beharko da, egitaraua bertan ipinteko. Kartelagaz batera, gutunazal zarratu batean emon beharko dira egilearen datuak, telefono zenbakia eta NANaren kopia.
Lehiaketa nagusian, balorauko diran erispideak obraren edukia eta gaia, originaltasuna eta "emakume eta gizonezkoen artean bazterkeria alboratzen eta bardintasuna bultzatzen dabezan egoerak sustatzea" izango dira. Kolorea eta teknikea libreak dira, baina kartelean "Zeberioko Sandoniak 2022, irailaren 1etik 5era" testua agertu behar da. Guztien artean, saritu bi aukeratuko dauz epaimahaiak. Lehenengoak 70 euro jasoko dauz, eta 30 euro bigarrenak.
Umeen lehiaketan barriz, 14 urtez azpikoek izango dabe parte hartzeako aukerea. Hau umeentzako egitaraua iragartzeko erabiliko da. Beraz, "Zeberioko sandoniak 2022, umeen ekintzak" izango da ipini beharreko testua. Parte-hartzaile guztiek jasoko dabe sari bana.