osasuna

Gaur be, lehen arretaren alde mobilizauko dira Zeberion

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 8a, 09:25

19:30ean batuko dira herritarrak udaletxe aurrean, EH Bilduren deialdiari jarraituta. Martitzenean "lehen arretea indartzeko mozinoa" aurkeztu zan udaletxean eta EAJk be bebestu ebazan Osasun Sailarentzako eskaerak.

Pasau dan astean egindako mobilizazinoan, "Zeberiok medikua behar dau, lehen arreta itolarrian!" lelopean, alkarretaratzeak astero egitea ipini zan mahai gainean. Oindino ez dabe holango ebatzirik hartu baina momentuz, mobilizazinoak ez dira gelditu. Gaur, hilak 8, barriro egingo dabe kontzentrazinoa, EH Bilduk deituta, udaletxe aurrean 19:30ean. Oingoan, aurrerapausu bat emon dau EH Bilduk, izan be, hilaren 5ean "lehen arretea indartzeko mozinoa" aurkeztu eta ahobatez onartu zan osoko bilkuran, udal gobernuaren (EAJ) babesagaz.

Roberto Calleja, Zeberioko EH Bilduko zinegotzia: "Egoki ikusten dogu EAJren jarrera aldaketea. Kontuan izan behar da, maiatzean be aurkeztu gura izan genduala mozino bardina, baina EAJ ez zuen osoko bilkurarako onartu. Herriam dagoen hasarre eta kezka sentidu dabela uste dogu".

Mozinoan, Zeberioko ezker abertzaleak salatu dau, "herri askotako osasun etxeetako lehen arretako konsultategiak zarratzen" ari dirala eta ondorioz, personak ondoko herrietara mobidu behar dirala. Gogorarazo dabe, lehen arretan gertatzen dabilena ez dala COVID19 pandemiaren ondorioa, "pandemia aurretik be lehen arretaren gainbeherea nabarmena zan". Erreibindikazinoakaz hasi aurretik, EH Bilduk argudiatu dau "gero eta zaharragoa" dan gizartean, "arreta komunitarioaren" aldeko apustua egin behar dala. Izan be, Zeberion "jarraipen zehatza, tratu personalizaua eta arreta berezia behar dauan adinekoen multzo handi bat daukagu eta askotan, itxikeria sensazinoa daukie".

Argudio horreetan oinarrituta, lau eskaera egin dauz EH Bilduk, EAJk onartu dauzanak. Hasteko, Udala Osasun Sailagaz harremanetan ipintea, herriko osasun zerbitzuak pandemia aurretiko mailari eusteko. Bestetik, Udalak Osasun Sailari lehen arretea "garai barrietara egokitu eta arreta komunitarioa garatzea" eskatzea. Jarraitzeko, Udalak Osasun Sailari aurrez-aurreko konsultei lehentasuna emoteko eskaerea egitea eskatzen da. Amaitzeko, Udalak Osasun Sailari "iraupen luzeko kontratuak lehenesteko" eskaerea egitea exijidu dabe, "lehen arretak osasun-langile eta gaixoen arteko konfiantzea eta ezagutzea eskatzen" daualako.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!