Bagilaren 18an, rock eta metal musikeak beteko dau Zubialde auzoa, Zeberio Metalen zazpigarren edizinoan. Metalaren eszenaleku naturala uria dala emoten dauan arren, mendiko herri txikiek hain gustuko dauan kontrastea eskaintzen deutsie musika estilo honeri. Asko dira herri txikietan izaten diran metal jaialdiak. Dimetalen antzera, Zeberiokoa be sendotzen doa urtean-urtean.
Aurtengo Zeberio Metal jaialdia eguerdian hasiko da, 14:30ean aurkeztu beharko dan paella lehiaketeagaz. Arrastia pasau ostean, kontzertu gunera mobiduko da jentea. 19:00etan, oholtzara igoten lehenak izango dira Zubialde Eskolako ikasleak.
Gaztetxoen ostean helduko dira bandak. Hasteko, 19:15ean Basaki Leioako taldeak hoko dauz rock eta metalaren artean dabizan melodiko baina indartsuak. Hurrengoa, Elizabeltz talde bermeoztarra izango da, 20:45ean. Ibilbide laburreko taldea izanda be, eskarmentu handiko kideek osotzen dabe banda. 22:15ean barriz punk eta hardcore estiloa buztartzen dauan Rat-zinger talde entzutetsuaren ordua izango da. Taldeakaz amaitzeko, 4 Villains-ek musikea eta zirkua nahastuko dauz oholtzan, Freak show postapokaliptikoa. Bandak amaituta, 02:00etan DJ batek hartuko dau musikearen ardurea.