ekologismoa

Autopista elektrikoaren kontrako mendi-martxea antolatu dau Zeberioko EH Bilduk

Asier Abrisketa 2022ko mai. 12a, 16:49
Artandako dorrea eraikuntza lanetan, 2020ko zezeilean.

Ugaoko EH Bildugaz batera egingo dabe Gueñesetik Itsasora doan goi-tensinoko linearen eraikuntzearen aurkako martxea. Bakotxa bere herritik urtenda, Artandan eregitako torrean batuko dira zapatu eguerdian.

Gueñes eta Itsaso arteko 73 kilometro eta erdiko bidean, 70 metroko 132 torre eregiten dabil Red Electrica de España enpresea. Torre gehienak altxauta dagoz, baina ondino ez dabe argindarrik garraiatzen. Tarte honetan dagoan laugarren goi-tensinoko linea izango da hau. Bide horretan dagoz Zeberio, Igorre, Lemoa eta Bediako mendi eta basoak, Bizkaia eta Gipuzkoako beste 21 herriren artean. Zeberioko lurretan, hiru dira torreak.

Autopista Elektrikoaren Kontrako Koordinadorakoek eta Makatzak Arratiako Ekologistak taldeak urteak daroez makroproiektu honen kontra burrukan. Bide osoan sortu dauzan eta eragingo dauzan arazo ekologikoak asko dira, baina batez be, Aramotz inguruan bizi diran sai zuriak eta honeen habitata arriskuan ipinten dauzalako dagoz arduratuta. Babestutako espeziea da sai zuri edo alimotxea, mundu osoan desagertzeko arriskuan dago eta. Gogoratu behar da, 2009an Enagas enpreseak gas hodi bat instalau ebala bertan eta sai zuriaren txitoa hil egin zala. 60.000 euroko isuna jaso eban orduan Enagasek.

Zeberioko EH Bildu be arduratuta agertu da sai zuriaren egoereagatik, holan azaldu dau Laxia Olagorta zinegotziak GEURIAn: “Inguruko herrietako zonalde jakin batzuetan sai zuria eta belatza bizi dira eta proiektu honek kalte handiak sor leikie, besteak beste”. Holan, Ugaoko kideakaz batera egingo dabe martxea Artandara maiatzaren 14an. Zutabe bitan, Artandako torrean batuko dira 12:00etan azpiegiturearen kontrako salaketea egiteko.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!