taekwondoa

Brontzezko domina irabazi dau Andoni Cintadok Belgikako Openean

Asier Abrisketa 2022ko mar. 25a, 16:36

Holan, Zeberioko taekwondo burrukalariak Europako eta Munduko Txapelketetarako matematikoki sailkatzea lortu dau.

Jon Andoni Cintado zeberioztarra Belgikan egon da atzen astegoienean, Taekwondoko Openean lehiatzen, 80 kilo azpiko kategoria absolutuan. Hiru burrukatan, lehenengo biak irabazi eta atzena galdu dau, munduko txapeldunordearen kontra. Orokorrean, emaitzagaz gustura agertu da Cintado, batez be, maiatzan Manchesterren jokatuko dan Europako Txapelketarako eta zemendian Cancun-eko Munduko Txapelketarako matematikoki sailkatu dalako.

Lehenengo burrukaldia, final-zortzirena, danimarkar baten kontra jokatu eban. Zailtasunak izan zituen oindino "burua hotz" eukitearren eta tapiz barria labankorra zalako. Halanda be, aurkariak ez eutson arazo handirik eragin eta erraz irabazi eban.

Gero, Olinpiar Jokoetan ibilitako norbegiar bat izan eban aurkari. Altua zala eta, golpeak emoteko gatxa izango zala iruditu jakon Cintadori. Beraz, erritmo biziko estrategia hartu eban, ukalbikada asko jota. Irabazten mantenidu zan burruka osoan, baina atzenean besteak bardindu, eta "urrezko puntua" jokatu eben. Bi ukabilkadagaz lortu eban Cintadok garaipena.

Atzen burrukea izan zan gatxena. Munduko Txapeldunordea dan greziar baten kontra lehiatu zan, Cintado aurrekoan baino erosoago sentidu bazan be, markagailuan atzetik egin eban burruka osoa, bardinketea lortu eban arte. "Urrezko puntua" jokatzen, ukabilkada bategaz lortu eban aurreratzea, baina greziarrak sorpresaz hartu eban Andoni golpe batean, eta atzenean aurkaria urten zan garaile.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!