aratusteak

Aratusteetako ekintza ugari antolatu dira barikurako

Asier Abrisketa 2022ko ots. 23a, 12:29

Dima, Igorre, Arantzazu, Artea, Lemoa eta Zeberion ikuskizun, kalejira eta txokolateagaz ospatuko dabe mozorrotzeko astegoienaren lehen jardunaldia.

Sasoi batean inauteriak martitzeanean ospatuten baziran be, astegoienera pasau ditue atzen urteetan aratusteen inguruko ekintza eta ospakizunak. Herri askotan, barikuan hasiko dira mozorro-jaiakaz.

Aurten, aratusteen eredu aldaketea bultzatu da Igorre eta Areatzan, disfrazatzetik mozorrotzera animau dabe jendea, Oier Araolazaren 'Mozorrotzea ez da disfrazatzea' berbaldia dala eta. Artean aurreko urtean animau ziran mozorrotzera eta Kokomarroak berpiztu ebezan, aurten be urtengo diranak. Barikuan, hilak 25, urtengo dira kalejiran Arteako eskolatik plazara, han "Kuberue" erre eta mokautxoa jateko.

Baina barikuko lehenengo ekintzak Igorre eta Diman hasiko dira 17:00etan. Igorren, Irrien Lagunak-en Elkartasun jantokia emonaldia egongo da ikusgai Kultur Etxean. Gero, 19:00etan Lekittoko Deabruak antzerki taldeak bere mozorro, argi eta piroteknia ikuskizuna aurkeztuko dau kalean. Amaituteko, Guraso Elkarteak txokolate beroa banatuko dau errugbi zelai txikian.

Diman be 17:00etan hasiko da jaia, Dj Ismaren musika eta mozorro desfileagaz. 19:00etan barriz, Jokaldik hartuko dau musikearen ardurea eta txokolate beroa be banatuko da.

Arantzazun be egingo dabe herritik kalejirea mozorrotuta, 18:00etan. Herriko tabernan amaituko dabe ibilaldia, han mozorro onenen arteko txapelketea egiteko.

Lemoan Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Zoro gaitezen ikuskizunagaz hasiko da jaia, 18:30ean kiroldegian. 19:30ean barriz, Oxabiren lagunak taldeak girotutako kalejirea hasiko da jubiladuen tabernatik.

Zeberion txokolatadeagaz hasiko dabe ospakizuna musika artean, 18:30ean plazan. Berotu ostean, mozorro eta disfrazak erakusteko pasarelea egingo da 19:30ean, talde argazkia ateraten amaituteko.

 

 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!