Ekitaldia Kultur Etxean izango da 19:00etatik aurrera. Lehenik eta behin, kurutzea eregiteko prozesua zelangoa izan zan gogoratzeko berbaldi labur bat emongo da eta proiektua aurrera eroan eben hiru protagonista nagusien lana aitortuko da: ideologo eta bultzatzailea izan zan Juan Bartolomé de Alcibar Zeanuriko parrokoa, Casto de Zavala arkitektoa eta Serapio Goicoechea eraikitzailea. Bertan izango dira hiru protagonista horreen ondorengo senitartekoak eta Zeanuriko eta Zuiako egungo parrokoak zein udaletako ordezkariak, besteak beste; kurutzea udalerri bietako lurretan eregi zan-ta.
1901eko inaugurazinoa

Gorbeiako lehen kurutzea —oingoa hirugarrena da— 1901eko zemendiaren 12an inaugurau zan. Eraikuntza-lanak garagarrilaren 16an hasi ziran, Gurutze Santuaren Garaipenaren jaian, eta bertan izan ziran, besteak beste, proiektua bultzatu eban batzordeko ordezkariak, Zeanuri eta Zuiako udaletako ordezkariak, Cásto de Zavala arkitektoa, Serapio Goicoehea eraikitzailea eta beste agintari batzuk.
Bizkaiko eta Arabako mugan kurutzearen oinarria hartuko eban lursailaren mugaketeari ekin jakon eta Zeanuriko parroko Bartolomé de Alcibarrek lurra bedeinkatu eban; jarraian, Zuiako parrokoagaz batera, atxur barri bigaz —beren-beregi egin ziran ekitaldi honetarako—, lehenengo atxurkadak emon ebezan, obrearen hasikerea adierazoz.
Aurrekontua 50.000 pezetakoa izan zan, eta erakundeek eta partikular ugarik egindako diru-dohaintzakaz ordaindu zan; adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak 10.000 pezetako ekarpena egin eban, aurrekontuaren % 20a; Zeanuriko Udalak 500 pezeta emon ebazan eta Zuiakoak 1.000.
Barakaldoko alkate Serapio Goicoechea kontratisteak agindu eban urri lehenengoaren 14rako amaituko ebazala obrak, Gurutze Santuaren Gorespenaren jaialdirako. Baina ez zan promesea bete eta inaugurazinoa hilabete bi beranduago izan zan, zemendiaren 12an, martitzena. Garaiko kronikek dinoenez, jente askogaz eta haize bortitz eta tenperatura bajuak tartean, 33 metroko altuerako —Jesukristoren adinaren oroimenez— kurutzea inaugurau zan. Eguraldi txarra zala-ta, ezin izan zan aurreikusitako ekitaldi-programea erabat egin. Zeanuriko parrokoak kurutzea bedeinkatu eban eta ostean, Daniel Baertel aita frantziskotarrak, tontorra baino beherago ipini zan oholtzara igota, lehenik euskeraz eta gero gaztelaniaz, berbaldi labur bat egin eban, baina ezin izan zan mezea emon.
Ez zan aurreikusitako egitaraua bete, ezta obra osoa osotu be, eta ekitaldia hurrengo urteko garagarrilaren 16ra atzeratzea pentsau zan, hau da, Gurutze Santuaren Garaipen Jaira, obrea erabat amaituta egoala. Baina garagarrilaren 16an ez zan ekitaldia errepikatu, 1901eko abenduaren 12an, eguena, haize bortitz batek kurutzea bota eban-ta.
Ia urte bi geroago, 1903ko urri bigarrenaren 1ean, eguena, bigarren kurutzearen bedeinkapena ospatu zan. Honek be ez eutsan eguraldi txarrari eutsi, eta 1906ko zezeilaren 12an jausi zan. Urte batzuk geroago, hirugarren bat eregi zan, gaur egungoa, 17 metroko altuereagaz eta eiffeliar estiloagaz proiektau zana.