GORBEIA SUZIEN

Errekor ugari eta lupetzik ez XIII. Gorbeia Suzien lasterketan

Ager Barragan

Alain Santamariak 6 minutu eta 44 segundotan bajatu eban 2023an berak ezarritako errekorra eta Sara Alonsok 12 minutu eta 49 segundotan hobetu eban Lide Urrestarazuren markea.

Udako sikate luzearen ostean, sano desbardin igarri zan Gorbeia Suzieneko lasterketa bietako ibilbidea. Lupetz barik eta harriak siku, korrikalariek abiadura handiagoak hartzeako aukerea izan eben. Holan aurreko urteetako markak apurtuteko aukerea izan dabe, baina fisikoki be, gogorrago egin jakiez 32 zein 21 kilometroak; hauts eginda ikusten ziran korrikalariak mendian gora, inoz baino gehiago.

Halanda be, ia 800 korrikalariek lasterketea amaituta, apurtutako errekorrak izan ziran protagonista. Merrell Skyrunner World Series ligearen parte izan zan Skyrace-an (32 km, +2.400 m desnibela) Alain Santamaria izan zan ibilbide osoan zehar lehena, 02:50:24ko denporea egin eban. Holan, 2023an ezarri eban markea 6 minutu eta 44 segundotan hobetuta. Bigarrena Manuel Merillas (02:52:07) eta hirugarrena Loic Robert (02:53:11) izan ziran. Andrazkoetan be, Sara Alonsok 12 minutu eta 49 segundotan bajatu eban pasau dan urtean Lide Urrestarazuk egindako markea. 03:21:27ko denporea egin eban; bigarrena Denisa Dragomir (03:34:16) eta hirugarrenak Natalie Beadle (03:36:16) izan ziran. Arratiarren artean barriz, Ibai Zarrabeitia eta Onditz Iturbe igorreztarrak izan ziran lehenak.

21K (21 km, +1.200 m desnibel) lasterketan barriz, Biel Sagues (01:49:44), Marcos Lopez (01:52:46) eta Yannick Memheld (01:53:35) izan ziran gizonezkoen artean lehenak. Andrazkoen artean barriz, Dalia Alonsok (02:13:45), Emma Mendezek (02:15:38) eta Marian Toriok (02:18:10) osotu eben podiuma. Lehen arratiarrak barriz, Aner Zuluaga eta Oneka Aierdi izan ziran, biak igorreztarrak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!