Gorbeiako kurutze bat ipini zanetik 125 urte pasau dira -1901eko zemendiaren 12an inaugurau zan lehenengo kurutzea- eta hau gogoratuteko zein eregi ebenak omenduteko, ekitaldi xumea antolatu eban Iñaki Garcia Uribe etnologo eta mendizaletasunaren ikerlariak. Pasau dan astean egin zan ekitaldia Bilboko Foru Liburutegian.
1900. urteko jubileu erromatarra dala-ta eregi zan lehenengo krutzearen ideologoa izan zanJuan Bartolome de Alcibar Zeanuriko parrokoa, Casto de Zavala Ellacuriaga arkitekto elorrioztarra eta Serapio Goicoechea Palacios Barakaldoko enpresari eta alkatea izan ziran omenduak eta ekitaldian, euren oinordekoak be egon ziran.
Lehenengo kurutze harek 33 metroko altuerea eukan, Kristo hil zaneko adina, bere momentuan kristautasunak altxautako kurutzerik handia izan zalarik. "Planeta osoan ez zan halango ezebez altzau, antzekorik bez", inoan Iñaki Garciak. Goicoechearen tailerretan egin ziran kurutzearen zatiak eta hau montetako, langileak hiru hilez egon ziran bertan lo egiten, artzainek prestatutako zulo baten. Kurutze haren argazki bakarra gordeten da, eta hau ikusgai egon zan ekitaldian. Izan be, haize boladek hilebetera bota eben lehenengo kurutze ha. Gaurkoa, hirugarrena da.
Halanda be, Iñaki Garcia arduratuta agertu zan, urteurren hau oharkabean joan daitekelako. 2001ean, mendeurrena gogoratuteko 36 ekitaldi egin ziran eta Arabako zein Bizkaiko aldundiek antolatuta; oingoan barriz, ez dakigu ekitaldirik egingo dan.