Industria-sektorean espezializatu gura dabenek prestakuntza aukera barria izango dabe Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegian. Izan be, Mekanizazio, konformazio eta muntaketa prozesuen programazioa eta diseinua izeneko Lanbide Moduluen Ziurtagiria (C maila) eskainiko dau ikastetxeak.
Prestakuntza hau batxilergoa edo Lanbide Heziketako Erdi Mailako zein Goi Mailako titulua daukienentzat dago zuzenduta. Halaber, euren ibilbide profesionala espezializatu gura daben profesionalek eta Ekoizpenaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoko Goi Mailako titulura hurreratu gura dabenek be egin ahal izango dabe.
Ikastaroan mekanizazino, konformazino eta muntaketa prozesuen programazinoa, ekoizpen-prozesuen diseinua eta plangintzea, fabrikazino eta muntaketa eragiketen antolaketa, prozesu industrialen optimizazinoa eta agiri teknikoen zein planoen interpretazinoa landuko dira.
Zulaibarrek nabarmendu dau heziketa ofiziala dala-ta industria-sektorean gaur egun gehien eskatzen diran gaitasunak eskuratzeko aukerea eskaintzen dauala. Horrezaz gainera, praktikak bailarako hainbat enpresetan egiteko aukerea izango dabe ikasleek, besteak beste, Ormaurre, BATZ, Ormazabal, Walter Pack eta Cementos Lemonan.
Matrikulazinoa zabalik dago, eta informazino gehiago Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegian eskuratu daiteke; 94 673 91 16 telefonoan edo info@zulaibar.net helbidean.
