ondarea

Zeanurin, errotarik errota, familian egiteko ibilaldia domekan

Jon Urutxurtu 2026ko maiatzaren 8a

Ibilbide bi dagoz aukeran eta herriko hamazortzi errotatako zazpitik pasauko da ibilbide luzea, Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin sartu-urtena egiteko aukereagaz.

Zeanuriko Erroten Ibilaldia prest dauka Joko Alai Kirol Elkarteak. Maiatzaren 10ean, domekaz, egingo dan oinezko ibilaldiak hemeretzigarren edizinoa beteko dau aurten, eta antolatzaileek azaldu dabenez, hasikeratik izan dituan helburuak mantentzen dauz: “Herritarrei eta kanpotik etorten diranei Zeanuri eta bere auzoak ezetutera emotea, herriko errotek historian izan daben garrantzia erakustea eta domeka goiza natureagaz harremanetan eta kirola eginaz pasetako aukerea eskaintzea”.

Zeanurin hamazortzi errota edo erroten errastu ezetuten dira, danak hidraulikoak, eta ibilaldian zazpiren ondotik igaroko dira parte-hartzaileak. Horreetatik hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe, errotearen funtzionamentua eta instalazinoak bertatik bertara ikusteko.

Ibilbide bi egongo dira aukeran: luzea, 14 kilometrokoa, eta laburragoa, 7 kilometrokoa, umeentzako edo ondo prestatuta ez dagozanentzako egokitua. Bide laburrak jan-edana banatuko dan lekutik helmugaraino egingo dau, baina hemendik be Errotabarri eta Olabarri errotak bisitau ahal izango dira.

Urtekerea goizeko 09:00etan izango da Zeanuriko plazan. Handik Altziber eta Errotabarri erroten ondotik abiatuko dira ibiltariak, eta Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe bidea. Ibargutxiko errotan ateak zabalik egongo dira, eta errotea lanean ikusteko aukerea izango da. Alkiberren jan-edana banatuko dabe indarrak barritzeko, eta ostean Otzerinmendi eta Uribeko kofradiako lurretatik igaroko dira, Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik pasauta.

Helmugara heldu aurretik, Olabarriko errotea izango da atzen geralekua. Pujana familiak zaharbarritutako errota honetan be sartu-urtena egin ahal izango da, plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik. Antolatzaileen esanetan, kirola egiteaz gainera, erroten ondare historiko-etnografikoa eta udabarrian natureak eskaintzen dauan kolore festa sinfonia ezetuteko aukerea izango da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!