ALKARRIZKETAK

Saint Patrick eguna Zeanurin: Sweet Winds taldeak Euskal Herria eta Irlanda musikaz lotu gura dau

Alvaro Rabelli 2026ko martxoaren 9a

Zeanuriko musika taldeak emonaldi berezia egiteko asmoa dauka Saint Patrick's egunaren harira Euskal Herriaren eta Irlandaren arteko hartu-emonak estutzearren. Sweet Winds taldea Rafaël Parejo-Couvert-en eta Ingrid Kuschick-en beste proiektu bat da.

Sweet Winds taldeak Zeanurin joko dau martiaren 18an, zer eskainiko dozue?
Emonaldi berezia izatea gura dogu. Batetik, ordu beteko kontzertu arrunta egingo dogu Kultur Etxean, eta, bestetik, ondoren tabernarik taberna ibiliko gara musikea jentearengana hurreratutearren eta herrian giroa biztearren. Eguazten iluntzean izango da, jai bezperan, horretarako jentea animau gura dogu, baita gugaz batera kantetan be. Polita izan leiteke. Zeanuritik kanpoko jentea be etortea gura geunke. 

Ze errepertorio ekarriko dozue oingo honetan? 
Kanta ezagunak eroango doguz, musika zeltikoa deritxana Saint Patrick ospatuko dogun atxakiaz, jenteak holakotzat daukana behintzat, ze, gu etiketa horregaz ez gagoz sano konforme. Izan be, ustez zeltikoa dan musikearen atzean musika anglosaxoia baino ez dago, edo Europa osoko kulturetan dagozan musika doinuak dira. Horregaitik, gure kontzertuak be didaktikoak dira, jenteari, esaterako, azaldu egiten deutsagu dana dalako kantaren esangurea edo musika tresnearen jatorria.

Izan be, zu Rafaël musikologoa zara eta Ingrid antropologoa. 
Bai, halaxe da, esan geinke Sweet Winds ez dala gure musika proiektu bakarra, bai, ostera, garrantzitsuena, eta gure ezaugarri nagusia da musikea eta kulturea bertan alkarlotzea. Guk emonaldi tematikoak prestetan doguz, berbarako, baleehiztarien kantak, marinelenak, amodio eta desamodio kantak, tabernakoak… Guretzat, oinarria Europako baladea da, gu genero horren aztertzaileak gara. Gainera, hizkuntza askotako kantak ekarten doguz, ingelesez, frantsezez, alemanez, euskeraz, bretoieraz, gaelikoz…

Orduan, Sweet Winds folk taldea da? 
Jenteak pentsau leike baietz, batez be folk tresnak joten doguzalako baina, egia esan, eragin desbardin asko handik eta hemendik ekarten doguz, batzutan rocka, besteetan sinfonikoa… Ez gara musika mota bakar batera mugatzen. Gainera, folkak krisialdi larria bizi dau danean, jenteari gero eta gitxiago interesetan jako folk musikea.

Nortzuk egongo zarie taula gainean?
Gu biok, Rafaël eta Ingrid, esan daigun 2015. urtetik partaide nagusiak garenok eta gugaz batera proiektu desbardinetan joten daben musikariak, Julia Iglesias “Zilan” eta Julen Murga hain zuzen be. Gainera, emonaldi honetarako Zeanuriko auzokidea dan Guru kantariaren kolaborazino estimagarria eukiko dogu. Ni gitarran ibiliko naz, eta Ingrid-ek gitarrea eta bodhrana hartuko dauz, baita ahots nagusia egin be. Bestalde, esan lez, Sestaokoa dan Julen Murga soinu-jolea egongo da gugaz, berau Euskal Herriko soinu-jole onenetarikoa da, Folketan, Hamaiketan Noiz, Paraninfo Trio eta Duo Naktê taldeetan ibilitakoa. Perkusinoan, eta ahotsean be, Julia Iglesiasek jardungo dau. Julia, Extremadurakoa jatorriz, Berangon bizi da, musikari amateurra, gure aspaldiko laguna, Hego Amerikako Andeetako eta Mediterraneoko doinuen zalea.

Ibilbide luzeko musikariak zarie? 
Bai, nik gitarreagazko zaletasuna txiki-txikitatik jaso neban aitaren partetik, baita osaba Emilioren partetik be. Aita biz- kaitarra zan eta Gerra Zibilaren ondorioz Frantziara erbesteratu behar izan eban. Horregaitik, ni Frantzian jaio nintzan, eta musika frantsesa, espainiarra, italiarra eta batez be Hego Amerikakoa euki dodaz gogoko. Bretainian emondako urteek folk musikara hurbildu ninduen. Ingrid, barriz, 70eko hamarkadako folkagaz zaletu zan Alemanian. 

Jenteak batez be musikaritzat zaitue, baina… 
Bai, “goiko musikariak” edo “goiko auzokideak” lez ezetan gaitue, Zeanuriko Undurraga auzunean bizi garalako. Baina guk beste alor bat beteten dogu, ikerketearena hain zuzen be. Arestian esan lez, ni musikologoa naz eta Ingrid antropologo freelance da. Urteetan Ameriketan zehar ibili nintzan grabazinoak egiten, hango herri doinuak jasoten. Horren frutua dira argitaratu nebazan zazpi diskoak, hiru Unescoren bildumarako. Une honetan nire artxibo guztiak Eresbil alkartearen esku itxi gura dodaz. Ingrid-ek Bizkaiko Foru Aldundiko etnografia atalean behar egin izan dau, ondare kultural eta materialaren alorrean. Hasi, Extremaduran hasi zan, harik eta bere aurreko bikotekideagaz Euskal Herrira etorri arte. Ni 1996an Euskadin finkatu nintzan eta 2004. urteaz geroztik bikote gara eta alkarregaz behar egiten dogu. 

2007an Txoke izeneko taldea batera eratu genduan Europa osoko partaideakaz ondasun kulturala aztertzeko. Hartu-emon handiak euki doguz Labayru, Etniker, Musiker eta Ankulegi taldeakaz. Enkarterrian eta Meatzaldean egindako gure ikerketek sona handia lortu dabe.

Eta oin Zeanurin bizi zarie. 
Bai pandemia sasoian Berangoko etxea itxi eta Undurragan baserria erosi genduan, gure proiektuak aurrera eroan ahal izateko. Aldaketa handia izan zan, ze, Berango daborduko landa mundutik urrun dago, berton, ordea baserri edo landa munduagaz atzera be, bat egin dogu. Inguruko jenteak ondo hartu gaitu, gauza “arraroak” egiten ei dabezan kanpoztar bi bagara be. Dana dala, esan behar da Zeanuri lehendik ezetan gendula, ni aitagaz 1996an ibili nintzan hemendik, eta Ingrid 1982an bere aurreko bikotekideagaz egon zan.

Zer eskaini gura deutsazue Arratiari? 
Bertako ondare kulturala aztertu gura dauan jentearentzako plataformea edo sarea. Jente hori formetako prest gagoz, ez dau zertan profesional izan, nahikoa da kulturzalea izateagaz. Gainera, ikerlerroa be ez da izan behar “gauza zaharrak” bakarrik aztertzeko, baizik eta oingo aldaketen barri emon behar da antropologiaren ikuspegitik. Horretarako podcast-a abiatu gura dogu. Era berean, egiten doguzan grabazinoakaz, esaterako Santa Ageda inguruan egindakoakaz, dokumentala egiteko asmoa daukagu.

Arratia zer da, bada, zuentzat? 
Leku berezia, inondik be, esan daigun Arratia gaur egun “tarteko lurraldea” dala, Bilbo eta Gasteizen artean dagoana, uri handi biren erdian, erresidentzial izaera emoten deutsana. Bestalde, Arratia eraldaketa prozesu bizian dago, ez gaitezan engainau, Arratiak aspaldian itxi eutsan “baserritarra” izateari, eta oin sasoi post-industrial bete-betean dago, “terzerizazino” handia gertatu da; hau da, arratiar askok sektore publikoan egiten dabe behar, Arratiatik kanpo gainera. Turismoak berak be gero eta garrantzia handiagoa dauka. Gure moduko “neoruralak” be erakarten dauz. Baina, aldi berean, Arratiak sano ohitura sakonak gordetan dauz, Santa Ageda berbarako. Eta garrantzitsuena, euskerea, hiz- kuntzea da, duda barik, jagon behar dana.

Beraz, zuen moduko “kanpoztar” bik zer emon leikie? 
Gure ezagupen eta eskarmentuez gain, kanpoko begirada kritikoa, eta aldi berean, neutrala analisiak eta konparaketak egiteko, batez be kultura alorrean. Batzutan, begirada hori guztiz beharrezkoa da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!