Oin hamabost bat urte hasi ziran Zeanuriko hainbat andra jantzan egiteko alkartuten eta hortik sortu zan Etzanderak taldea. Ordutik, hasikeran hainbat jantza emonaldi egin ebezan eta gero, ikuskizun bi prestatu ebezan, herriz herri aurkeztuten ibili ziranak: Txirrintxanketak lehenengo eta gero, Zantigitu guztien gainetik. Taldea desegin aurretik bihar, hilaren 7an, egingo dabe atzen jantzaldia, 19:00etan Ibarretako frontoian. Akaberea da-ta... izeneko ikuskizuna, aurreko lanetako jantzen bildumatxo bat da, taldetik BEGITUn azaldu dabenez.
Ikuskizun honetarako, lehenagoko jantzari batzuk be bueltau dira taldera eta guztira, 17-18 jantzari izango dirala azaldu dabe taldetik. Adin tarte zabala daukie Etzanderak-eko jantzariek, gazteenak 16 urte ditu eta nagusienak, 60tik gora. Holan, BEGITUn azaldu dabe sano gatx egiten jakiela danak batera jantzan egin eta entsegatuteko geratutea eta hau izan da taldea desegitea ebazteko errazoi nagusia. Eta agur esateko, zer eta jai bat ospatutea baino hobeto!
Zozketa berezia
Atzen ikuskizuna dala-ta, bertako produktuakaz osotutako saski baten zozketea antolatu dabe. Txartelak euro baten truke dagoz salgai herriko taberna eta dendetan, eta zozketea bihar egingo da ikuskizunean zehar.