Mezea 12:00etan parrokian ospatuko da eta ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan. Santua eleizatik ateraterakoan, herriko umeek Agurra jantzatuko deutsee eta ostean ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko.
Jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie eta neurketearen aktea sinatu ostean, oin arteko maiordomoak —Iñaki Lejarzak—, 2026koari —Aitor Intxaurragari— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsaz. Aitagarria da oin dala hirurogeta zortzi urte eleizondotarrek hasi eben eta oin dala hogei urte —aldi baten bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Artearen neurketea Pedro Lejarza eleizondotarraren arabera, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzutan bazkalostean, eta beste batzutan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta (+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan".
Igaz arteari hartutako neurria honako hau izan zan: 194 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?