Bertan, hamabietako mezan, lehenago Juantxo Larrazabal (+) buru eukan Undurragako taldeagaz hasi zan ohitureari jarraipena emonaz hasiko dira: Santa siziliarraren bizitzearen gorabeherak azaltzen dabezan hogeta hamazazpi koplak eta etxeko ugazaba, etxekoandre eta seme-alabei zuzendutako beste hogeta hamabostak abesten dabez Santa Agedaren irudiaren aurrean, makilen taupada eta Itsasne Etxebarriaren dultzainearen doinuaz lagunduta; oin dala hiru urtera arte Ernesto Etxebarria zan dultzaineroa eta talde zaharraren ordezkari bakarra.
Meza ostean, eta jai giroan barauskarria banatuko dau aurtengo maiordomoak eta errifearen zozketea egingo da.
Santa Agedaren inguruko ohitura eta sinismenak
Arratia aldean Santa Agedaren baseliza bi topau daikeguz: bata Dimako Bikarregin eta bestea Zeanuriko Ipiñaburun. Gaurkoan Zeanuriko ermita honen inguruan oin dala urte batzuk arte bizi izan diran sinismen eta ohiturak aitatuko doguz. Ohiturea zan Agate Deunaren bezperan iluntzetik gauerdira arte kanpaiak jotea. Gainera, inguruko jentearentzat santa honek ezaugarri sendagarriak eukazan: bularreko gaixoak osatuteko Agate Deunarengana joten zan, eta umea eukiten eben andrek olioa eskaintzen eutsen, ointsuago kandelak eta dirua eskaintzen jakozan.